Iriarte baserria eta bere lursailak erosiko ditu Ezkioko Udalak
Negoziaketa itxita, salerosketa martxoan zehar formalizatuko da. Etxebizitzak eraikitzeko saila egokitzea da helburua. Errekabarrena eta Iturgaingo etxebizitzak izan dira eraikitzen azkenak, orain 15 urte.
Iriarte baserria eta haren lursailak Ezkioko Santa Lutzi auzoan. Ezkioko Udala Ezkioko Udalak Santa Lutzi auzoan kokatuta dagoen Iriarte baserria eta bere lursaila erosteko negoziaketa itxi berri du haren jabeekin. Ondo bidean, hil honetan gauzatuko da salerosketa. Erosketaren helburua etorkizun batean etxebizitza berriak eraiki ahal izateko lur horiek egokitzea da. Izan ere, etxebizitzaren gaiak kezka sortzen du ezkiotarren artean eta hala adierazi zuten etorkizuneko Ezkio diseinatzeko udalarekin batera aurrera eraman zuten Herri Plana parte hartze prozesuan. Gaiak duen konplexutasuna eta garrantzia ikusita udalak Ezkion etxebizitzaren egoera zein den aztertzeko eta herritarrek dituzten beharrak ezagutzeko aparteko lanketa bat egin du azken hilabeteetan. Bildutako emaitzak herritarrei ezagutzera eman dizkie berriki, bilera ireki batean.
Joseba Telleria Ezkioko alkateak aurreratu duenez, udala «lan handia» egiten ari da Ezkion etxebizitza berriak eraiki ahal izateko aukera ezberdinak aztertzen, baina lanketa «konplexua» bihurtu dela aitortu du eta emaitzak «ez dira nahi bestekoak» izaten ari. Herrian eraikigarriak diren lur sailak identifikatzea izan zen lehendabiziko pausoa: «Jabeekin negoziaketak hasi ditugu, baina ez dago adostasunik salneurriari dagokionean. Lurrak jabeek eskatutako prezioan erosiko bagenitu, etxebizitzen prezioak asko garestituko lirateke». Negoziaketak ez daude erabat itxita, «ez dugu etsi, negoziazioarekin jarraitzen dugu, baina lur jabe pribatuekin adostasun batera iristea zaila daukagu», onartu du alkateak.
B plana, epe luzera begira
Ezkioko Udalak jabetzan lur sailik ez zuela ikusita, eta epe motzera begira aurreikusitako proiektuak korapilatzen hasita zeudela jakitun, Santa Lutzi auzoko Iriarte baserria erosteko erabakia hartu zuen. «Donostiako familia batena da. Sail dezente ditu eta oso leku onean dago», esan du alkateak.
Epe luzera begira, Argindegin etxebizitza berriak egiteko proiektu bat ere aurreikusita daukate. «Eraikinaren %90 udalarena da eta bost bat etxe egiteko aukera badago», aurreratu du Telleriak. Aurre lanketa hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren baitako Etorlur promotorearekin egin dute, Gipuzkoako herri txikietako biztanleria galerari aurre egiteko etxebizitza sustapenaren baitan. Baina kasu honetan ere zenbakien errealitatearekin egin dute topo, «udalak Etorlurri eraikina doan emango balioke ere, salneurriak gehiegizkoak izaten jarraitzen dute kasu honetan ere».
Etxebizitzaren arazoa ez da Ezkioko udalerrira soilik mugatzen, «guztiok dakigu zer dagoen, baina uste baino pololoagoa da arazoa. Horixe da konklusioa», azpimarratu du alkateak.
Saiatu diren arren, epe motzera begira zaila izango da etxebizitzaren arazoari irtenbide bat aurkitzea udalaren partetik. Beste testuinguru bat ere planteatu du alkateak: promotore pribatuena. «Promotore pribatu bat etortzea ere litekeena da. Promozio pribatu bat sustatu dezake eta agian aurrera aterako litzateke erosleak edukitzekotan; prezioak ere este batzuk izango lirateke. Hor ia merkatu librearen barruan sartuko ginateke eta zilegi da, baina udalak ezin du hori sustatu, hartu duen konpromisoa herritarrei begirakoa delako», nabarmendu du.
Azkenak orain 15 urte
Ia 15 urte iragan dira Ezkion etxebizitza berriak eraiki zirenetik. Santa Lutzi auzoko Errekabarrenakoak eta Iturgaingoak izan ziren azkenak eta 2010 eta 2011 inguruan amaitu ziren, eta Ezkioko beheko aldea eraldatu zuten.












