Itsasondotik Sahararaino, helburu guztiak beteta
Sahara Maratoia irabazi berritan, dagoeneko etxean da Aitor Garmendia itsasondoarra. Saharatik bueltako bidaiak «luze» jo duela aitortu du, eta oraindik «nekatuta» badago ere, egindakoarekin «gustura» dago. Aurrerantzean, eskualdeko mendi lasterketetan jarriko du arreta.
Asier Etxeberria ordiziarra eta Aitor Garmendia itsasondoarra, Sahara Maratoia bukatu berritan.Hitza Hondarra, haize zakarra eta bero itogarria. Baldintza gogorrak dituen 42 kilometroko proba latza bezain gogoangarria da Sahara Maratoia. Aurtengo edizioa jokatu berri da, eta euskaldun baten izena gehitu da garaileen zerrendan: Aitor Garmendia. 3 ordu eta 20 minutuko ahaleginak besoak zerura altxatzeko balio izan zion itsasondoarrari, bera izan baitzen El Aaiun eta Smara arteko maratoia biribiltzen azkarrena. Podiuma Asier Etxeberria ordiziarrarekin partekatu zuen; hirugarren sailkatu zen hura.
Garaipen «partekatua» izan zela dio Garmendiak. Hasieratik amaierara, bi goierritarrek elkarrekin bizitako esperientzia izan da Saharakoa. Iaz, Teruelen (Aragoi, Espainia) egindako astebeteko entrenamendu egonaldian sortu zitzaien abentura hau bizitzeko ideia. Izena eman, eta elkarrekin murgildu dira basamortuko esperientzian: astebeteko egonaldia egin dute errefuxiatuen kanpamentuetan, bertako familien eguneroko bizimodua gertutik ezagutzeko aukera emanda. Bizipen pertsonal horrez gain, «esperientzia biribiltzeko modua» izan da goierritarrentzat podiuma partekatzea.
Bigarren maratoia
Proba berezia da Sahara Maratoia. 2001ean jokatu zen lehen aldiz, Jef Carneyren ekimenez, eta gaur egun Saharar Errepublika Demokratikoko Kirolaren Estatu Idazkaritzak antolatzen du, nazioarteko boluntarioen laguntzaz. Kirol ekitaldi hutsa baino gehiago ere bada: Saharako haur eta gazteen artean kirola sustatzea, bizimodu aktiboa bultzatzea eta laguntza humanitarioko proiektuak finantzatzea ditu helburu. Maratoiaz gain, 21, 10 eta 5 kilometroko probak ere egiten dira, baita haurrei zuzendutako lasterketak ere. Halaber, 42 urte baino gehiagoz dirauen gatazkaren aurrean nazioarteko kontzientziazio eta mobilizazioa sustatzea ere bada ekimenaren xede nagusietako bat. Garmendiarentzat ere horregatik guztiagatik da garrantzitsua maratoi honi «ikusgarritasuna» ematea.
«Lehiatzeko asmoz joan ginen, baina lasterketa baino gehiago, esperientzia gisa hartu dugu»
Itsasondoarrarentzat bigarren maratoia izan da; lehenengoa iazko abenduan egin zuen, Valentzian. Baina Saharakoa bestelakoa izan dela azpimarratu du: «Lehiatzeko asmoz joan ginen, baina lasterketa baino gehiago, esperientzia gisa hartu dugu». Ez zuen garaipenik espero, lasterketa irabazteko asmo handirik gabe joan baitzen: «Nahiz eta maratoi honetan 40 korrikalari inguruk soilik parte hartu dugun, lasterketa guztietan egoten da maila handiko jendea, eta zaila izaten da halako maratoi bat irabaztea». Hala ere, kilometroek aurrera egin ahala podiumean egoteko aukera ikusten hasi zen, eta horrek lasterketa planteatzeko modua ere aldatu zion.
Baldintza gogorrak
Saharako kanpamentuetan barrena egiten da lasterketa, horrek dakarren zama guztiarekin. Hondarra, dunak, aldapa gogorrak, beroa eta haize zakarra dira korrikalariek gainditu beharreko oztopo nagusiak, besteen artean. Lehen 20 kilometroak lauxeagoak eta korrika egiteko aproposagoak egin zitzaizkion itsasondoarrari, eta tropelean joan zen beste lau korrikalarirekin, tartean Etxeberriarekin. Talde lanean egin zuten zati handi bat, erritmoa kontrolatuta. Martxa horretan «eroso» sentitu zela adierazi du Garmendiak. Hori dela eta, 20. kilometrotik aurrerako bigarren zatian erasoa jo eta bakarrik egin zuen aurrera. «Hiruzpalau kilometro oso indartsu egin nituen».
«Azken 5 kilometroetan uste nuen ez nintzela iritsiko; atzetik zetozenak ikusten nituen»
Tartea irekitzea lortu bazuen ere, amaiera gogorra izan zuen, eta «nekez» egin zuen aurrera. Metatutako kilometroek, lasterketaren bigarren zatian gutxika-gutxika agertzen hasi ziren aldapek eragina izan zuten azken txanpa horretan; bai eta hondarrak, haizeak eta beroak ere. Erritmoan moteltzea eragin zion horrek guztiak Garmendiari, eta atzetik zetozen korrikalariak ere nabarmen hurbildu zitzaizkion. «Azken 5 kilometroetan uste nuen ez nintzela iritsiko; atzetik zetozenak ikusten nituen», aitortu du. Estutzen jarraitu behar izan zuen, eta azken 500 metroetara arte ez zuen garaipena ziurtzat eman. Hala ere, ibilbide osoan zehar egindako ahaleginak aurreneko postua eskuratzeko balio izan zion. Helmugara iritsi eta berehala sartu zen Etxeberria ere, bi minutu geroago. Gainera, atzeko taldean egonda, laguntza taktikoa ere eman ziola nabarmendu du Garmendiak.
Helburu handirik gabe
Orain, Goierrira itzulita, bertako mendi lasterketetan jarria du arreta. Ez dio bere buruari helburu handirik ezarri, baina Saharako garaipenak motibazio dosi handia eman diola ziurtatu du. Kirola, konpromisoa eta esperientzia pertsonala uztartzen dituen garaipena izan da erabat, baina lasterketaren emaitzatik harago, Saharan bizitako esperientzia bera balioan jarri du: lurralde hartako errealitatea ezagutzea, kanpamentuetan bizitako egunerokoa eta kirola elkartasun eta elkargune bihurtzea.
Sahara Maratoiko argazki gehiago:












