Kalea eta gaua bereganatzera
Goierriko Gazte Feministek 00:00etan deitu dute mobilizazioa, Beasainen. «Ordenaren kontra desobedientzia feminista» aldarrikatuko dute, kalean eta gauez.
Goierriko Gazte Feministak mobilizazio batean, artxiboko irudian.Hitza Goierriko Koordinadora Feministaren egitaraua Martxoaren 8ko eguneko lehen segundotik hasiko da. Koordinadoraren barruan, Goierriko Gazte Feministek kaleak eta gaua bereganatzeko deia egin baitute, eta mobilizazioa egingo dute Beasainen, Martxoaren 8ko 00:00etan.
Goierriko Gazte Feministen hitzetan, «borrokan hasi nahi» dute eguna. Horretarako, Erauskin plazan egin dute hitzordua martxoaren 7tik 8rako gauerdian, Kalek ta gauek gurek die lelopean. Status quo-aren aurka batuko dituzte indarrak. «Ordenaren kontra desobedientzia feminista eraikitzearen garrantzia» azpimarratu dute aurtengoan Euskal Herriko Gazte Feministek, eta hori eskualdera ekarriko dute Goierriko kideek. «Munduaren egungo ordena aldrebesa eta horrek dakartzan faxismoaren gorakada eta sistema zisheteropatriarkal kapitalista eta kolonialaren indartzea» ikusten dute, ez mundu mailan eta etxetik urrun, baita Goierrin ere.
Gaua, ordenaren erakusle
Ordena horrek «forma berezi bat» hartzen du haien esanetan gaueko giroan, eta hori salatzeko hartuko dituzte kaleak: «Genero rolen birprodukzioa eta horietan oinarritutako harremantzeko moduak nabarmenak dira Beasaingo gaueko giroan, heterosexualitatearen oinarri izanik, eta Beasainen astebururo emakume zein sexu-genero disidenteok jasaten ditugun erasoen kausa izanik». Gehitu dute «gaueko kontsumora bideratutako giro batean» areagotzen direla ordena zisheteropatriarkal kapitalistaren askotariko jarrerak, «ordena horrek bere horretan jarraitu dezan ahalbidetzen duen giroan».
«Desobedientzia feminista eraikitzera goaz eta kaleak eta gauak gureak direlako ideia argi izpi izango da Martxoaren 8ko lehen segundo horietatik»
Goierriko Gazte Feministak
Beasaingo ordenaren erakusle da gaua Goierriko Gazte Feministentzat, «ezinbestekoa» dena sistemak bere horretan iraun dezan. Ordena horri eta horri lotutako faxismoaren gorakadari aurre egitera aterako dira kalera Emakume Langileen Nazioarteko Egunaren lehen unetik: «Horri aurre egitera gatoz Goierriko Gazte Feministok mobilizazio honekin, desobedientzia feminista eraikitzera goaz eta kaleak eta gauak gureak direlako ideia argi izpi izango da Martxoaren 8ko lehen segundo horietatik».
Antolakuntza eta borroka
Euskal Herriko Mugimendu Feministak egindako deialdiarekin bat, feminismotik beste mundu bat eraikitzean sinesten dute, eta zapalkuntza sistemen aurrean antolakuntzaz eta borrokaz erantzungo dutela nabarmendu dute. «Eraso matxistak salatzeko, genero rolekin apurtzeko, lan berdintasuna aldarrikatzeko eta zaintza lanei duten garrantzia emateko», Goierriko gazte oro desobedientzia hitzordu horretan parte hartzera animatu dute. «Feminismoa ez baita emakumeentzat eta emakumeengandik soilik egiten», azpimarratu dute.
Halaber, faxismoa eta gorroto diskurtsoak areagotzen ari diren garaiotan «feminismoa inoiz baino garrantzitsuagotzat» jo dute eskualdeko gazte feministek: «Ordena hau zalantzan jartzera eta gurekin kaleak eta gauak hartzera dei egiten diogu Goierriko gazte orori».













