Paris-Niza lasterketa, Izagirreren hurrengo hitzordu nagusia
Martxoaren 8tik 15era jokatuko da 84. edizioan.
Ion Izagirre txirrindulari ormaiztegiarrak Paris-Niza (Frantzia) lasterketan du denboraldi hasierako hurrengo hitzordu garrantzitsua. Martxoaren 8tik 15era jokatuko da txirrindularitzako World Tour egutegiko lasterketa entzutetsuenetakoa. Acherezen (Yvelines) hasi eta Nizan amaituko da aurten 84. edizioa beteko duen lasterketa. Guztira 22 taldek hartuko dute parte eta lehia ziurtatuta egongo dela aurreratu dute.
Nazioarte mailako txirrindulari onenak bilduko ditu beste behin lasterketak. Jonas Vingegaard danimarkarra da faboritoa eta harekin batera azpimarratu ditu antolakuntzak Joao Almeida (UAE Emirates XRG) portugaldarra, Daniel Felipe Martinez (Red Bull-Bora-Hansgrohe) kolonbiarra edo Juan Ayuso (Lidl-Trek) katalana.












