Martxoaren 17ko Goierri beheko manifestazio nagusia Beasainen, Ordiziatik eta Lazkaotik zutabe banarekin
Goierri garaian, berriz, bi manifestazio izango dira: Legazpin 18:00etan izango da, eta Urretxu-Zumarragan 18:30ean.
Batzordetako eragileak gaur arratsaldean Beasaingo Erauskin plazan egindako prentsaurrekoan.Laida Goiburu ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek Martxoaren 17rako deitutako Greba Orokorraren Goierri beheko deialdiaren aurkezpena egin dute gaur arratsaldean prentsaren aurrean herri askotako batzordetako eragileek, Beasaingo Erauskin plazan, “Goierrin ere grebarako arrazoiak badirela” agertzeko. Goierri beheko manifestazio nagusia Beasainen izango da, baina zutabe bana aterako da Lazkaotik eta Ordiziatik Beasaingoarekin bat egiteko.
1.500 euroko gutxieneko soldata Euskal Herrian erabakitzea da mobilizazioaren ardatza, aberastasunaren banaketa hobetzeko, pobrezia murrizteko eta lan eta bizi baldintza prekarioei aurre egiteko helburuz. Ana Merchan Ordiziako erresidentziako langile eta ELAko ordezkariak, Maddi Etxeberria LABeko ordezkariak eta Mari Karmen Etxebarria pentsiodunen mugimenduko ordezkariak hartu dute hitza. Merchanek Goierri Euskal Herrian batez besteko diru sarrerarik handienetako eskualdeetako bat izan arren desberdintasun handiak daudela esanez hasi du hitzartzea: “2.000 eurotik gorako soldatekin batera, 800, 1.000 edo 1.200 euroko soldatak ere badaude. Bizitza garestitzen ari den bitartean, soldatak ez dira neurri berean igotzen, eta gero eta langile gehiago daude prekarietatean, baita pobrezia arriskuan ere”.

Datuek batez besteko diru sarrerarik handienetakoa duen eskualdea dela dioten arren, “begirada xeheago eta segregatuago batek bestelako errealitateak ere azaleratzen” dituela eta errealitate horiek “bereziki gazteen, emakumeen eta jatorri atzerritarreko euskal herritarren artean pilatzen” direla azaldu du. “Horiek dira gure herrietako eguneroko bizitzari eusten dioten lan askoren atzean dauden pertsonak: garbiketa langileak, nekazariak, abeltzainak, catering zerbitzuetako langileak, zaintza lanetan aritzen direnak, merkataritzako langileak edo lehengaiak garraiatzen dituzten gidariak”. Goierrin bizi arren soldata baxuak eta prekarietatea pairatzen dituzten pertsonak ondoan daudela nabarmendu du Merchanek: “Ez dira ‘beste batzuk’: gu geu gara, gure seme-alabak, anai-arrebak, bizilagunak edo lagunak”.
Sindikatuen deialdiarekin beste hamaika mugimendu sozial eta eragilek egin dute bat: Goierriko Koordinadora Feministak, Goierriko pentsiodunek, Ernaik edota Ikamak.
Erosahalmenak, behera
Etxeberriak jarraitu du hitzartzea gero, prezioen gorakada ematen den bitartean soldatek berdin jarraitzen dutela eta langileen erosahalmena galduz doala salatuta: “Lan egin arren bizi proiektu duin bat aurrera eramatea gero eta zailagoa da pertsona askorentzat. Egoera horrek bereziki eragiten die emakumeei, gazteei eta langile migratu eta arrazializatuei”. Langileen erosahalmena galdu ahala, LABeko ordezkariaren esanetan enpresa handiek irabazi errekorrak pilatzen dituzte, eta testuinguru horretan “gero eta gehiago dira lan egin arren pobrezia egoeran edo arriskuan bizi diren pertsonak”.
Soldaten prekarizazioarekin batera, “kontsumo eredu jakin bat” hedatzen dela ikusten dute, “esplotazioa, kostuak eta lan baldintza okerragoak beste herrialde batzuetara esportatzen dituena eta planeta suntsitzen duena”. Soldata baxuak izateak, aldi berean, salmenta gune handietan kontsumitzera bultzatzen ditu langileak Etxeberriak esan duenez, “kalte eginez baserritarrek modu jasangarrian eskoizturiko jakien salmentari eta herri eta auzoetako tokiko komertzioei”.

Azkenik, Mari Karmen Etxebarria negoziazioen bilakaeraren inguruan aritu da, “azken urteotan sindikatuek saiakera ugari” egin dituztela baina “Confebaskek eta CENek negoziazio mahaian esertzeari uko egin” diotela azalduta. “Era berean, Gobernuek ere ez dute nahi gutxieneko soldata propioa izatea. Nafarroako Parlamentuko mahaiak ez du tramitera ere onartu gutxieneko soldata hemen finkatzeko Herri Ekimen Legegilea”. Pentsiodunen ordezkariak gogoratu du EAEn EAJk eta PSEk “bizkarra eman diotela 140.000 sinadurak babestutako Herri Ekimen Legegileari”, eta alderdiek “uko egin” diotela gutxieneko pentsioa osatzeari, “beste 150.000 sinadurak babestu arren”. Bere esanetan, erabaki horiekin “gobernuaren eta patronalaren arteko aliantza sendotzen” da.
Donostiara eguerdian, Goierrin arratsaldean
Goierritar guztiak “greba egitera, lan zentroak hustera eta kaleak hartzera” deitu dituzte. Hainbat mobilizazio antolatu dituzte Goierri behean. 05:15ean piketeak izango dira Beasaingo anbulatoriotik abiatuta, eta eguerdian, 12:30ean izango den Donostiako manifestazio nagusira joateko deialdia egin dute. Pio XXI-tik aterako da, baina aurrez, 11:30ean, zutabeak Anoetatik, Renfeko geltokitik eta Antiguoko tuneletik irtengo dira. Arratsaldean izango da eskualdeko manifestazioa. Beasaingoa 18:00etan Erauskin plazatik aterako da, eta zutabeak Ordiziako plazatik 17:45ean eta Lazkaoko plazatik 18:00etan. Zutabe guztiak 18:30ean elkartuko dira Beasaingo Mataderon, eta Beasaingo udaletxeko plazan amaituko da.
Goierri garaian ere izango dira mobilizazioak. Urretxu-Zumarragan 05:00etan piketeak izango dira industrialdeetan eta 08:30ean Gernikako Arbola enparantzatik. Arratsaldean bi manifestazio izango dira: Legazpin 18:00etan izango da, eta Urretxu-Zumarragan 18:30ean.













