Belaunaldi arteko Ttipi-ttapa morea egin dute Ormaiztegin, Martxoaren 8ko egitarauren baitan
Igandean emakumeen eguneko txokolate jana egin zuten, 50 herritarren parte hartzearekin.
Oin Harriak jubilatu elkarteko kideak eta San Andres herri eskolako ikasleak hartu dute parte gaur goizeko Ttipi-ttapa morean. Ormaiztegiko Udala Ormaiztegiko Oin-harriak jubilatu elkarteak eta San Andres herri eskolak elkarlanean Ttipi ttapa morea egin dute gaur goizean, belaunaldiartekoa eta musikatua. Azken urteetako ohiturari jarraituz, Martxoaren 8a dela eta, kontzientziazio eta sentsibilizazioa egitea da topaketaren asmoa, ikasturte osoan zehar jarraipena duen belaunaldi desberdinak elkartu eta batak besteagandik ikasteko ibilaldia aitzakia hartuta.
Aurretik Martxoaren 8an, igandean, Ordizian egin zen eskualdeko mailako manifestazioan parte hartu ondotik, emakumeen eguneko txokolate jana egin zuten ormaiztegiarrek arratsaldean, gizarte etxean. 50 bat herritar inguru bildu ziren, eta Zumalakarregi museoko komunikazio eta hezkuntza arduradunaren eskutik, Eulalia Borboikoa printzesaren bizitza ezagutzeko aukera izan zuten bertan.
Gaur ipuin kontaketa
Egitarauarekin jarraituz, gaur arratsaldean Lili eta herensugea ipuin kontaketa egingo du Maider Altzelaik, 6 urtetik gora haurrei eskainia. 16:45ean izango da udal liburutegian.
Emakumearen egunaren harira antolatutako egitarauak ostiralean izango du jarraipena. Maria Pilar Horrego artista kubatarraren Por amor se ve erakusketa irekiko dute gizarte etxean 18:30ean. Erakusketa apirilaren 12ra arte egongo da ikusgai.
Larunbatean, 7 eta 12 urte arteko haurrei zuzendutako Herriko sekretuaren bila ihes gela izango da 17:00etatik 19:00etara gizarte etxean B:ATUk gidatuta. Amaitzeko, herritar guztiei irekita, Eskailerapekoa bakarrizketa saioa egingo dute Idoia Torregaraik eta Mirari Martirenak martxiaren 15ean, 18:30ean gizarte etxean.












