«Gero ikusiko da nola ateratzen den, baina orain da momentua»
«Kasualitatez» hasi zen Xabier Mikelarena 'Xego' arte martzial mistoetan, baina gustatu eta jarraitu egin zuen. Egun K1 praktikatzen du. Larunbatean profesionaletan debutatuko du, bere herrian. Egindako lana ring-ean islatzea espero du.
Xabier Mikelarena 'Xego', astelehenean, Beasainen.Laida Goiburu Profesionaletan debutatuko du Xabier Mikelarena Xegok (Beasain, 1995) larunbatean, Beasaingo Antzizar kiroldegian egingo den jaialdian. Madrilgo GK-1 gimnasioko borrokalari baten aurka ariko da. Sarrerak Bideplazan daude salgai, eta larunbatean bertan ere kiroldegian salduko dituzte.
Beasaingo Gym Lorean wushua praktikatzen hasi zinen.
Betidanik izan dut kuriositatea arte martzialekiko, eta Lorea Beasaingo gimnasioa da, nire inguruko jendea bertara joaten zen. Nik futbola jada utzita nuen, beste kirol bat hasteko gogoekin nengoen, eta horrela Beasainen hasi nintzen.
Nolatan hasi zinen gero arte martzial mistoetan?
Kasualitatez izan zen. Pandemia hasi baino pixka bat lehenago izan zen. Kuadrillako beste pare batek nahi zuten Kuraia gimnasiora probatzera joan, eta nik esaten nien erotuta zaudete, Martuteneraino nola joango gara ba? Klase bat probatzera joan nintzen, eta guztiz engantxatu nintzen. Gero azkenean kuadrillakoek utzi egin zuten eta nik bakarrik jarraitu dut.
Martutenen entrenatzen duzu gaur egun?
Bai, nire entrenatzeko lekua han dago. Noizbehinka Beasainen lagunen batekin edo aritzen naiz. Mundu honetan ezagun pila egiten dituzu, borroken bitartez beste gimnasiotako jendea ezagutzen duzu eta sparring bat edo beste egiten duzu, beste lekuren batera ere mugitzen zara.
Kolpe txarren bat jaso duzu?
Arte martzial mistoen borroka batean, Bartzelonan, nahiko kolpatuta atera nintzen, herrenka, bat eta beste. Orain arte KO-rik ez dut eduki. Azkeneko borrokan, urtarrilaren 31n, kontu bat egin zidaten –lurrera botatzen dizute eta arbitroak 10 arte kontatzen du–, baina ez nuen konortea galdu, kolpearen indarraren eraginez lurrera erori nintzen, baina ez dut sustorik eduki. Arte martzial mistoetan ere meniskoa hautsi nuen nik egin nuen biraketa batean.
«Ni honetan hasi nintzenean azkeneko gauza pentsatzen nuena zen lehiatzen bukatuko nuela»
Zer gustatu zitzaizun Martutenen ikusi zenuen horretatik?
Nibela dezentekoa zegoen, eta hasieratik ikusi nuen denbora gutxian pila bat aurreratzen zela. Bertan hasi eta lehiaketa txiki batera joan nintzen, nahiko ondo joan zitzaidan eta pixkanaka engantxatzen joan nintzen. Ni honetan hasi nintzenean azkeneko gauza pentsatzen nuena zen lehiatzen bukatuko nuela.
Eta larunbatean profesional mailan debutatuko duzu, K1ean, Beasainen, zure herrian.
Nik uste izugarrizko giroa egon behar dela, zeren borrokatzen dugun ia denok Beasaingoak gara eta kaleko pertsonak gara. Espero dut giro polita egotea.
Zergatik erabaki duzu profesional mailara salto egitea? Nolakoa izan da prozesua?
Hemen erabakia norberak eta entrenatzaileak hartzen dute. Nik jada amateurrean borroka batzuk eginda neuzkan. Kirol honetan nire helburua disfrutatzea da, baina profesional mailan borrokatzean ez da gauza handirik aldatzen; aldatzen dena da babesa eta roundak. Zango-babesik gabe borrokatzen duzu eta amateurrean bi minutuko hiru round dira eta profesionaletan hiru minutuko hiru round. Eskuetako bendajea ere bendaje gogorra da, eta eskularruak txikiagoak dira, hortaz, agresiboagoa da mina. Erabakia zuk hartzen duzu entrenatzailearekin, zuk zure burua prest ikusten duzunean. Gogoa daukat probatzeko, gero ikusiko da nola ateratzen den, baina orain da momentua.
«Kristoren gogoekin nago borrokatzeko, badakit ez dela borroka erraza izango baina gogoa daukat probatzeko»
Ze gorputzaldirekin zaude larunbaterako?
Oraingoz nerbio askorik ez daukat, kristoren gogoekin nago borrokatzeko, badakit ez dela borroka erraza izango baina gogoa daukat probatzeko. Entrenamenduekiko ezin dut gehiago egin, egin beharreko guztia egin dut, sparring onak egin ditut, kardioa pila bat landu dut. Gero ea hor goian demostratzen dugun entrenatutako guztia, batzuetan kosta egiten da.
Beasainen izateak presio gehiago eragiten dizu?
Nahi eta nahi ez, presioa dago. Oraingoz lasai nago, baina momentu horretan, ring batera igotzen zarenean, beti daukazu presio pixka bat. Ez da futboleko partida bat bezala, hamaika hamaikaren kontra, hemen zu bakarrik zaude, hor goian zaude, galtzen baduzu ez da karrera batean bezala bost minutu beranduago iritsiko zarela, baizik eta kolpe on batzuk jasotzeko aukera duzula. Orduan beti daukazu presio pixka bat. Nik uste normala dela, esaten duenak ez duela presiorik, edo gezurretan ari da edo zeozer arraroa da.
Zer espero duzu profesionaletako lehen borroka horretarako?
Espero dut landu dudan guztia edo ahalik eta gehiena behintzat ateratzeko gaitasuna edukitzea, jendeak gure borrokaz disfrutatzea, borroka on bat izatea, gerra polit bat izatea. Eta gero hoberenak irabazi dezala, eta espero dut ni izatea irabazlea, noski.
18:00etatik aurrera, Antzizar kiroldegian
Kuraia Fight Club-ek antolatuta, larunbatean, martxoaren 14an, Antzizar kiroldegian borroka kirolen jaialdia izango da. 18:00etan hasiko da. Xabier Mikelarena Xegoren debutaz gain, beste hainbat borrokaldi ere izango dira, tartean beste goierritar batzuena. Gorka Rojo, Ander Zubizarreta, Aritz Apaolaza, Eneko Jauregi eta Dani Rekalo beasaindarrek eta Maite Maiztegi ordiziarrak ere borrokatuko dute jaialdian. «Batzuek Beasainen entrenatzen dute eta beste batzuek Martutenen», azaldu du Xegok.












