Goierri Eskolako bidegurutzean biribilgune berria egingo du foru aldundiak
Segurtasuna eta trafikoaren arintasuna nabarmen hobetuko duen inbertsioa izango dela jakinarazi dute. 313.319,89 euroko aurrekontua izango du.
Goierri Eskola parean dagoen bidegurutzea sinplifikatu eta ordenatzeko helburuarekin, biribilgune berria eraikiko du Foru Aldundiak. Zirkulazio intentsitate handia izaten du puntu horrek eta auto ilara luzeak izaten dira maiz; hartara, segurtasuna eta trafikoaren arintasuna nabarmen hobetuko duen inbertsioa izango dela jakinarazi dute. 313.319,89 euroko aurrekontua eta hamar asteko exekuzio epea izango dute lanek, Diputatuen Kontseiluak atzo argi berdea eman zion proiektuaren arabera.
Azaldu dutenaren arabera, kanpoko diametroa 30 metrokoa izango du, eta CAFeko garraio berezien maniobragarritasuna ahalbidetzeko behar besteko zabalera izango du, noranzkoa aldatzeko ohi puntua izaten baita luzera handiko ibilgailuentzat. Berrikuntza honekin, egungo bidegurutzea “argiagoa, ordenatuagoa eta seguruagoa” egiteaz gain, azpiegitura berria inguruko industria-jarduerarekin bateragarria izatea bermatuko dela jakinarazi dute.
Oinezkoen segurtasunean ere hobekuntzak eragingo dituela aurreratu dute: “Oinezkoen pasabideak biribilguneko eraztunetik kanpora mugituko dira, oinezkoek hainbat bide gurutzatu behar izatea saihestuz, gaur egun gertatzen den bezala”.












