Goierriko Dantzari Helduen IV. topaketa larunbatean izango da, Ordizian
Ataungo Otsoak, Beasaingo Aurtzaka, Idiazabalgo Axari, Lazkaoko Oin Arin, Legorretako Irrintzi Alai, Ordiziako Amets Bide eta Zumarragako Irrintzi dantza taldeetako ehunka dantzaritik gora elkartuko dira.
Negua badoa, eta hamar egun besterik ez dira falta udaberria iristeko. Urtaro berriarekin batera, dantzari egunak ere iritsi ohi dira, eta dagoeneko zehaztu dituzte zenbait hitzordu.
Goierriko Dantzari Helduen IV. Topaketa ospatuko da larunbatean, Ordizian. 2019an antolatu zuten aurrenekoz, Legorretan, eta ohi bezala, Korrika Kulturalaren programazioaren barruan kokatu dute ekimena. Korrika bezala, bi urtez behin antolatzen jarraitzea dute helburu.
Goierriko Dantzari Helduen topaketa eskualdean erromeri bira bat egiteko aitzakian sortu zen, Goierriko dantza talde ezberdinen elkarlanetik, talde horien arteko harremana sendotzeko eta dantza sustatzeko asmoz. Larunbateko topaketan Ataungo Otsoak, Beasaingo Aurtzaka, Idiazabalgo Axari, Lazkaoko Oin Arin, Legorretako Irrintzi Alai, Ordiziako Amets Bide eta Zumarragako Irrintzi dantza taldeetako ehunka dantzaritik gora elkartuko dira.
Egun osoko jardunaldia izango dute. Goizean (11:00) herrian zehar desfilea egingo dute dantzariek eta musikariek, txoko eta plaza ezberdinetan geldialdiak eginda. Eguerdian (13:00) plazan amaituko dute goizeko jarduna, alardea eta bazkariarekin. Bazkalostean, berriz, erromeria izango da Ttipika taldearekin (17:00).












