Haurrak Iparra Hegoako lehen egunetako protagonistak
Urruñako ikastolako 30 haur atzora arte izan dira Seguran. Herri festak hizpide izan dituzte bi hitzalditan.
Astelehenetik martxan da Iparra Hegoaren 29. edizioa Seguran. Herribestak bizi behar du! lelopean ospatuko dute aurten mugako bi aldeetako herritarren bateratzea irudikatzen duen kultur astea. Astelehenean Uruñako (Lapurdi) ikastolako 30 bat haurren bisita jaso zuten Seguran eta asteartera bitartean Laiotz herri eskolako haurrekin elkar ezagutzeko hainbat saio egin dituzte; tartean Segurako buruhandien bisita ere jaso zuten.
Haurrak izan ohi dira Iparra Hegoaren lehenengo protagonistak, beraiei zuzendutako makina bat ekintza izaten baitira. Hausnarketarako eta iritziak partekatzeko egunak ere izaten dira hasierakoak. Aurten, herri festen inguruan aritu dira bi hitzalditan: Musika eta animazioa, txosnak eta tabernak izan zen lehena astelehenean, Bilboko Altxaporrue konpartsako Urko Uriarte; Baionako besta alternatiboko Lukas Hiriart eta Iparra Hegoako Pello Aranzabalen parte hartzearekin.
Asteartean, makrojaialdiak izan zituzten hizpide Jaialdien garaian izeneko hitzaldian; Euskal Herria Zuzenean-eko Kattina Haran, Kilometroak ekimeneko Migel Egibar eta Amets Aranguren musikarien parte hartzarekin.
Gaur, 18:30ean gai beraren inguruan jarraituko dute hausnarketan Segurako kuadrilla ezberdinetako gazteak elkartuta, Jon Telleriak gidatutako saioan.
Ikusi hemen datozen egunetarako egitaraua.













