II. Bealak Trail mendi lasterketa jokatuko da igandean, "kopatik kanpo utzita"
Iaz antolatu zuen Bealak klubak lehen aldiz, Arriarango mendi lasterketak utzitako hutsunea betetzeko helburuz. Bi distantzia izango ditu: 13 kilometrokoa eta 23 kilometrokoa. "Bigarren urtez zigortu" dutela adierazi du antolakuntzak.
Bi mendi lasterkari, iaz, helmugara iristear.Asier Zaldua II. Bealak Trail mendi lasterketa jokatuko da igandean, martxoaren 15ean, Beasainen, Bealak atletismo klubak antolatuta. Antolakuntzak agertu du aurten ere “Goierri Kopatik kanpo utzi” dituztela, “bigarren urtez zigortuta”.
Izen-emateak irekita daude herrikrosa.eus plataforman. Bi distantzia izango ditu: 13 kilometrokoa, 850 metro desnibel positiboarekin; eta 23 kilometrokoa, 1.400 metro desnibel positiboarekin. Proba motzeko prezioa 19 eurokoa da aurrez, eta egunean bertan 25 eurokoa; eta luzekoa 24 eurokoa aurrez, egunean bertan 30 eurokoa. 09:00etan hasiko dira bi probak, Loinazpe ikastetxetik.
Lasterketa bakoitzeko lehen neska, mutila eta herritarra sarituko dituzte, eta sorpresa bat ere egongo da lasterketa luzearen ibilbidean: ibilbide horretan, korrikalariek urdaiazpiko bat aurkituko dute; toki horretatik helmugaraino eramaten duenarentzat izango da.
Zozketak eta opariak
Korrikalari guztiek kamiseta bana jasoko dute, opariz betetako poltsa banarekin batera. Poltsa horretan sagardoa, arrautzak, poutx energetikoa, esnekiak edota pastak izango direla aurreratu du antolakuntzak. Oparien zozketa batean ere sartuko dira parte hartzaileak.
Irteera/helmuga gunearen ondoan dagoen kiroldegia erabilgarri egongo da korrikalarientzat dutxatzeko.
Goierri Kopa Trailetik at
Iaz antolatu zuen Bealak atletismo klubak lehen aldiz Bealak Traila, Arriarango mendi lasterketak utzitako hutsunea betetzeko helburuz. Iaz larunbatean egin zuten, eta aurten, ordea, igandean izango da.
Antolakuntza kexu da Goierri Kopa Trailetik at utzi dituztelako: “Mendiko proba apal baten kostuak neurrian mantentzeko asmoz, Bealakek alternatiba ekonomikoago eta guztiz funtzionalago baten alde egin du, ekitaldiaren iraunkortasunari eta baliabideen erabilera arduratsuari lehentasuna emanez. Hala ere, lasterketa irisgarri eta bideragarri bat mantentzeko ahalegin hori balioetsi beharrean, bigarren urtez zigortu egin dute kopatik kanpo utzita”.












