Euskal Herriko bertso afari handiena
Beste urte batez, 400 bat pertsona bilduko dira gaur Seguran, kantuaren eta bertsoaren inguruan egingo duten afarian.
Bertso-kantu afari jendetsua, Iparra Hegoa kultur asteare baitan. Iparra Hegoa kultur elkartea Euskal Herriko bertso afari handiena Seguran egiten da, Iparra Hegoa kultur astearen baitan. Ez dago halakorik beste inon; parte hartzen duen jende kopuruagatik, batetik; eta sortzen den giro bereziagatik, bestetik. Edo hala diote behintzat, urtero, bertan parte hartzeko aukera dutenek. Gaur berriz errepikatuko dute balentria, 400 pertsona mahaiaren bueltan bertsoak entzuten jartzea.
Baina ez da beti hala izan. Zerbait xumea zena ekitaldi erraldoi bihurtu da urteekin. Iparra Hegoako antolatzaile, Idoia Lopetegik gogoratu duenez, hasieran Elorri elkartean egiten zen, 30 bat pertsonarekin. «Pixkanaka handituz joan zen, bata bestearen gainean egoten ginen arte. Lekua txiki geratu zitzaigun eta plazarako saltoa eman behar izan genuen orain 20 bat urte», kontatu du. Egun, 400 pertsona biltzen ditu, baita gaur iluntzean ere. «Gure pena da azken urteetan jende asko kanpoan utzi behar izan dugula», dio. Ez da ohiko bertso afaria, kantuarekin uztartzen den ekitaldia da Kuxkuxtu txarangaren ekarpenarekin.
Arzallus anfitrioia
Kuxkuxtukoekin batera Nerea Elustondo legazpiarra, Eneko Araiztegi segurarra eta Amets Arzallus hendaiarra arituko dira bertsotan, bai iluntzeko afarian, baita aurretik egingo duten bertso-kantu poteoan ere. Arzallusek 15 urte baino gehiago daramatza Segurara joaten eta gaurko egunean herritar bat gehiago da, «hainbeste urtean joanda oso harreman hurbila dut bertakoekin. Etxean bezala sentitzen naiz, oso eskertuta nago antolakuntzari. Niretzat ere oso plaza berezia da, kariño handia diot», dio.
Urteek emandako esperientziaren ondorioz, anfitrioi lanak egiten ditu gaurko egunez eta kantuan «gozatzen» duen arren, «nerbioak» ere izaten dituela aitortu du. «Hartu duen dimentsioak nolabaiteko exijentzia edo halako espektatiba bat sortzen du eta lana egiten da bertsotan», dio. Segurakoa Euskal Herriko bertso afari handiena dela dio, zalantzarik gabe: «Ez dago horrelakorik Euskal Herriko bertsolari zirkuituan. Kopuru ohikoenak 40-50 pertsonakoak izan ohi dira, 100 lagunekoa handi xamarra dela esan ohi da».
Kantu afaritik ere baduen arren, bertsoak bere «leku zentrala» baduela uste du. «Bertso afari edo poteo batean bertsolariarentzako inportantea da bertan dagoen jendearen grina, festarako gogoa eta elkartzekoa. Hori Seguran izugarria izaten da. Osagai oso bereziak dauzka eta denak egiten du bat. Antolatzaileek lortu dute mugaren katea hausteko indar hori herri gogo batekin txertatzea eta sinbolismo horrek ematen dio berezitasuna», azaldu du.
Arzallusekin batera, bigarren urtez arituko da kantuan Araiztegi, aurretik entzule bezala makina bat aldiz parte hartu duen arren. «Errespetua» ematen dio kantatzeak, baina «ilusioa» ere bai.
Mugaz gaindikotasuna haustea da Iparra Hegoaren helburu nagusietako bat, eta Arzallusen hitzetan, oraindik badago lana: «Euskaldunok teoriazko herri bat, mugaz gaindikotasun komunitate bat osatzen dugu, baina eguneroko praktikak eta bestelako hizkuntza edo erreferentziek nahi baino gehiago aldentzen gaituzte», dio. Gaur batasun horren bidean, urrats bat gehiago emango dute Seguran.
Iparra Hegoaren baitako egitaraua hemen.












