Irabaztea beste aukerarik ez du Ampo Ordiziak
Etxean jokatuko dute igandean, 12:00etan, UE Santboiana taldearen aurka. Aurreko porrotei buelta eman eta garaipena lortu nahi dutela ziurtatu du Alain Araña kapitainak.
Ampo Ordiziaren eta Pozueloren arteko partidako irudia, Altamiran, martxoaren 24an.Carlos Mediavilla Complutense Ciscerosen aurka Liga Erregularreko lehen faseko azken partida galdu ostean, jaitsiera saihesteari ekin dio Ampo Ordiziak, baina ez du uste bezain hasiera ona eduki. Galdu egin zuen joan den asteko partida, Bartzelonan. Sailkapenaren azken postuan zen aurkaria, eta goierritarrak garaipenarekin bueltatzeko «helburu bakarrarekin» joan baziren ere, entseguak sartzeko aukerak gauzatzen jakin ez zutela azaldu du Alain Araña taldeko kapitainak: «Partida gure esku egon zen».
Bost talde ari dira lehian orain. Zortzigarren postuan da Ordizia, hemeretzi punturekin, baina hurrengo bi taldeak puntu bakarrera ditu. Talde guztiek «helburu bera» dutela azaldu du Arañak: irabaztea. Sailkapenean zazpi eta zortzigarren postuan geratzen direnek play offa jokatzeko aukera izango dute, eta azken bi postuetan geratzen direnak zuzenean bigarren mailara jaitsiko dira. Bederatzigarren postuan geratzen denari, berriz, lehiatzeko aukerak bukatuko zaizkio.
Asteburuan etxean
Asteburu honetan UE Santboiana taldearen aurka neurtuko dira goierritarrak, Altamiran, 12:00etan. Arañak ziurtatu du partida gogorra izango dela: «Beraien aurka jokatutako azken partida ere azken momentuan irabazi genuen, eta ikusita puntu bakarrera dauzkagula, nabarmen borrokatu beharko dugun partida izango dela aurreikusi daiteke».
Baina etxean jokatzen dutenez, gogotsu daude. Garaipena lortu nahi dute eta ziurtatu du taldekide guztiak «norabide berean» lanean ari direla: «Kontziente gara, badakigu non gauden. Konfiantzaz gaude, badakigulako azken partidak gure akatsengatik galdu ditugula. Irabaztea besterik ez daukagu».













