Larunbatean hasiko da Osinalderako bidea, Ordiziako Argi Berri sariketarekin
Bazkari giroan jokatuko da, Buztuntza auzoko izen bereko elkartean. Bi goierritar ariko dira: Aiestarenek Zaldibian kantatuko du eta Etxezarretak Aztirian. Apirilaren 11n jokatuko da finala, Gabirian.
Ordiziako 27. Argi-Berri sarian, iaz, abestu zuten sei bertsolariak. Aimar Maiz Bertsolari gazteentzako Osinalde sariketak ikusmin handia sortu ohi du urtero, eta aurtengoan ere heldu da 54. finalerako bideari ekiteko garaia. Pazko asteko oporraldiarekin batera jokatuko da finala, eta aurrez, ohiko hiru kanporaketek erabakiko dute nortzuk ariko diren Gabiriako azken saioan.
Aurtengoan ere hemezortzi bertsolari gazte ariko dira lehian, Argi-Berri, Osinberde eta Aztiria sarietan banatuta; kanporaketa bakoitzean sei bertsolarik kantatuko dute. Saio bakoitzean sailkatzen diren lehen bi bertsolariek eskuratuko dute finalerako txartela, eta horiek arituko dira kantuan Gabirian, Osinalde elkartean, jokatuko den finalean.
Lehen kanporaketa larunbatean jokatuko da Ordiziako Buztuntza auzoko Argi-Berri elkartean. Aurtengoa 28. edizioa izango da, eta Irantzu Idoate (Hazparne, 2005), Haira Aizpurua (Sara, 2006), Danel Etxeberria (Tolosa, 2007), Naia Arrizabalaga (Azkoitia, 2004), Maite Sarasola (Deustu, 2001) eta Araitz Katarain (Mallabia, 2004) bertsolariak arituko dira kantuan. Igor Egurenek jarriko ditu gaiak.
Bi goierritar
Lehen kanporaketa honetan Goierriko bertsolaririk ariko ez bada ere, eskualdeko bi ordezkari izango dira sariketan: June Aiestaran beasaindarra eta Mikel Etxezarreta olaberritarra. Aiestaranek martxoaren 21ean Zaldibian kantatuko du, eta Etxezarretak, berriz, martxoaren 28an Aztirian.
Iaz egindako aldaketari eustea erabaki dute Argi-Berriko antolatzaileek: kanporaketa bazkari giroan egitea. Orain arte, Osinalderako baliagarriak diren hiru sariketak eta Gabiriako finala bertso-afari moduan jokatu izan dira. Iaz, ordea, Ordiziako saioa bertso-bazkari gisa antolatu zuten lehen aldiz, eta formula bera mantenduko dute aurten ere. Gainera, aurten Aztiriako eta Gabiriako saioek ere molde bera hartuko dute. Zaldibiakoa izango da orain arteko formatuan –bertso-afari gisa– egingo den bakarra.
Argi Berrin, bazkari giroan
Ordizian egun osoko plana antolatu dute: 13:00etan trikipoteoa egingo dute auzoan zehar, Argi Berritik abiatuta. 14:00etan, bazkaria egingo dute, eta ondorenean, bertsoaren lehia hasiko dute sei bertsolari gaztek. Bazkarian dagoeneko ez dago izena emateko aukera, baina bertso saiora soilik joateko aukera egongo da. Doakoa izango da.
Osinaldera begira
Hiru kanporaketetan parte hartuko duten 18 bertsolarietatik sei iritsiko dira apirilaren 11n Gabiriako Osinalde elkartean jokatuko den Osinalde sariko finalera. Sari nagusiaz gain, publikoaren saria eta bertso onenaren saria ere banatuko dituzte. Finalerako bidean, bi goierritarrek izango dute sailkatzeko aukera: June Aiestaranek eta Mikel Etxezarretak.
KANPORAKETAK
- Argi Berri saria
- Eguna: Martxoak 14
- Ordua: 14:00
- Lekua: Argi Berri elkartean
- Bertsolariak: Irantzu Idoate (Hazparne, 2005), Haira Aizpurua (Sara, 2006), Danel Etxeberria (Tolosa, 2007), Naia Arrizabalaga (Azkoitia, 2004) Maite Sarasola (Deustu, 2001) eta Araitz Katarain (Mallabia, 2004).
- Osinberde saria
- Eguna: Martxoak 21
- Ordua: 20:30
- Lekua: Joxepane tabernan
- Bertsolariak: Maddi Agirre (Gasteiz, 2005), Eki Mateorena (Leitza, 2005), June Aiestaran (Beasain, 2006), Danel Herrarte (Aramaio, 2004), Irune Basagoiti (Ermua, 2002) eta Beñat Astiz (Barañain, 2004).
- Aztiria saria
- Eguna: Martxoak 28
- Ordua: 14:00
- Lekua: Aztiri bat elkartean
- Bertsolariak: Iruri Altzerreka (Garai, 2000), Mikel Etxezarreta (Olaberria, 2003), Joanes Azpillaga (Azpeitia, 2007), Jon Mendiluze (Irura, 2005), Ekain Alegre (Altsasun, 2001) eta Janire Arrizabalaga (Gernika, 2003).













