Legazpiko Greba Batzordeak manifestazioa antolatu du martxoaren 17ko greba egunerako
Egun osoko greba eguna dela gogoratu dute, eta Legazpin 05:15ean piketeak antolatuko dituzte industria gunean, eta manifestazioa egingo dute arratsaldean, plazatik 18:00etan irtenda.
Legazpiko Greba Batzordeak agerraldia egin du gaur goizean ELA sindikatuaren egoitzan, martxoaren 17ko greba orokorraren “oinarriak eta egitaraua” azaltzeko, eta herritarrei bat egiteko eskatzeko.
Martxoaren 17ko greba egunarekin patronalari eta gobernuari “mezu argi bat” bidali nahi dietela adierazi dute. Lehenik, “1.500 euroko gutxieneko soldata ezartzea. Madrildik inposatzen zaigun 1.221 euroko gutxieneko soldatarekin ezinezkoa da Euskal Herrian bizitza duin bat izatea”. Bigarrenik, “Gutxieneko soldata hemen erabakitzea. Gasteizko eta Iruñako parlamentuetan, zein Madrilen, beharrezko ekimen politikoak gauza daitezen eskatzen dugu, hemengo soldatak gure errealitatera egokitzeko”. Eta azkenik, “Aberastasun banaketa justuago bat: soldatak hobetu behar dira, denon artean sortzen dugun aberastasuna gutxi batzuen eskuetan pilatu ez dadin”.
Agerraldian gogoratu dute urteak daramatzatela “ahaleginak egiten, baina patronalen eta gobernuen arteko aliantza agerikoa da”. Alde batetik, “patronalak uko egin dio gutxieneko soldataren inguruko negoziazio mahai bat eratzeari”. Eta bestetik, “EAJ-PSEren Jaurlaritzak, PP eta VOX bidelagun hartuta, 138.000 herritarrek babestutako herri ekimen legegileaz eztabaidatzeari uko egin dio, aurrez pentsiodunen herri ekimen legegilearekin egin bezala”.
Bien bitartean, lanpostu bat izateak “bizitza duin bat” ez duela bermatzen adierazi dute. “Enpresak irabaziak dituzten bitartean, langileok erosahalmena galdu dugu: bizitza garestitu da baina soldatak ez dira neurri berean igo”.
Egoera honek “desberdintasun sozialak areagotu besterik” ez dituela egin nabarmendu dute. “Aberastasuna ez dago modu bidezkoan banatuta, gutxi batzuen eskuetan pilatzen ari da, gehienon prekarietateren truke. Eta injustizia honek aurpegi zehatzak ditu: langile-emakumeak, migratuak eta gazteak”.
Eta “guztiagatik, Euskal Herriko errealitatera egokitutako gutxieneko soldata behar dugu. Madrildik ezartzen denak probretu egiten gaituelako. Soldatak hobetzeko eta aberastasuna banatzeko garaia da. Beraz, Martxoaren 17an, denok grebara!”.
Legazpin, manifestazioa 18:00etan
Amaitzeko, martxoaren 17koa24 orduko greba izango dela gogoratu dute, eta “produkzioa eteteaz gain, zaintza eta kontsumo greba ere bada”.
Legazpin, 05:15tan piketeak antolatuko dituzte industria gunean. Eta arratsalderako manifestazioa antolatu dute. Euskal Herria plazatik abiatu da, 18:00etan, eta herriari buelta eman ondoren, plaza berean bukatuko dute, ekitaldi batekin.
Bestetik, eguerdian lau hiriburuetan manifestazioak egingo direla ere adierazi dute, eta Donostiakoa, Pio XII.a plazan hasiko da, 12:30ean.













