Legazpiko igerilekuko erronkan parte hartzeko aukera dago oraindik
Aktibatu Legazpi egitasmoko arduradunek legazpiarrei egindako proposamena da, igerilekuan ariketa fisikoa egiteko. Parte hartzeko sorosleari eman behar zaio izena. Partaideen artean sariak zozkatuko dituzte. Oraingoz, 200 inguru herritar ari dira parte hartzen.
Mikel Aramendia kirol teknikaria, igerilekuko erronka neurtzeko jarritako kartelaren ondoan. Besarkada bana osasunaren alde! leloak animatuta, 200 legazpiar inguru ari dira parte hartzen Bikuña kiroldegiko igerilekuan Aktibatu Legazpi egitasmoak botatako erronkan. Igerian egindako metroak batu, eta Brinkolara joan-etorria, Oñatira joatekoa, edo Zumarragara joan-etorria bitan egiteko adina kilometro lortzean datza erronka.
Hilaren 2an hasi zen erronka, eta martxoaren amaierara arte luzatuko da. Aste bete pasatxo igaro da oraindik, eta dagoeneko Brinkolako bidea egiteko adina kilometro osatu dituzte igerilari gehienek. Aktibatu Legazpi egitasmo arduradunak eta kirol teknikariak «oso gustura» daude emaitzarekin.
200 partaide inguru
Igerilekuan apropos jarri duten panelean astearte arratsaldean zeuden datuei erreparatuta, 199 igerilari ari ziren parte hartzen, eta gehienak sartuta daude bigarren erronkan, hau da, Oñatira joateko 13 kilometroak pilatzeko. Martxoa bukatzeko asko falta da, eta erronkan parte hartzeko aukera dago oraindik. Igerilekura joan eta sorosleari izena eman besterik ez da egin behar, eta gero, igeri jarduna amaitzean, egindako metroak adierazi behar zaizkio, bakoitzaren kontaketara batzeko. Erronka ondo osatzeko, zortzi eguneko datuak pilatzea gomendatzen diete partaideei.
Aktibatu Legazpiko kirol teknikari Mikel Aramendiak darama erronkaren kontrola, igerilekuko soroslearekin batera. Partaideen artean dagoen aniztasuna azpimarratu du, «denetik dago: ikastaroetako jendea, egunero joaten diren pertsona adinduak eta ez hain adinduak, eta erronkaren aitzakiarekin igerilekura itzuli diren lehengo igerilariak, gazteagoak».
Soroslea ere gustura ari da parte hartzen erronkan, bereziki igerilariekin sortu duen hartu-emanarengatik. Partaideen artean sariak zozkatuko dituzte.













