'PararLaGuerra' plataformarekin bat, elkarretaratzea deitu dute larunbatean Beasainen
Beasain Palestinarekin Herri Ekimenak bat egin du plataformak Espainiar estatuko 150 lekutan baino gehiagotan martxoaren 14rako egindako deialdiekin. Erauskin plazan elkartuko dira, 19:00etan.
Asteleheneroko elkarretaratzeetako bat, Zubimusu plazan.Beasain Palestinarekin Herri Ekimena PararLaGuerra plataformak larunbaterako, martxoaren 14rako, elkarretaratzeak deitu ditu Espainiar estatuko 150 lekutan baino gehiagotan, “gerrari eta genozidioari ez! esateko”. Ekialde Hurbilean bakea eskatzeko egingo dute protesta. Deialdiekin bat egin du Beasain Palestinarekin Herri Ekimenak, eta hala, Beasaingo Erauskin plazan elkartzeko hitzordua egin du larunbaterako, 19:00etan.
Ekimenak azaldu du “munduaren egoera oso-oso larria” den honetan, kaleak hartzea ezinbestekoa dela: “Guztioi eta bakoitzari dagokigu gerra, genozidio, eraso, urraketa guztiak irmoki gaitzestea, kaleak hartu eta bake iraunkor eta behin betikoa eskatzea, benetako bakea, herrien eta herritarren eskubideak bermatu eta ziurtatuko dituena”.
Plataformak martxoaren 14rako manifestuan adierazi duenez, “gogor arbuiatzen” dituzte “AEBek eta Israelek Iranen aurka egindako erasoak, nazioarteko zuzenbidea eta legezkotasuna urratzen baitituzte”. Era berean, “gogor gaitzesten” dituzte “aiatolen erregimen kriminala eta azken hilabeteotako milaka pertsonaren hilketak”. Babesa adierazi die Irango herriari. “Eta bereziki emakumeei, demokraziaren eta berdintasunaren aldeko borrokan. Irango herria da bere etorkizuna erabaki behar duena”. Nolanahi ere, plataformaren hitzetan, “ezerk ez ditu ehunka herritar errugaberen hilketak eragin dituzten AEBen eta Israelen bonbardaketa basatiak justifikatu eta zuritzen”.
Herritar guztiak elkarretaratzean parte hartzera deitu ditu Beasain Palestinarekin Herri Ekimenak. Larunbatekoaz gain, astelehenero 19:00etan elkartzen da herri ekimena Zubimusu plazan, Palestinako genozidioa amaitzeko eskatzeko.













