Aizkorri kaleko obrek eraginda, aparkaleku berriak industrialdean
Txorronea eta biribilgune arteko lanak dira, irisgarritasuna hobetzeko. Aparkatzeko plazak sortzeko, zirkulazioa ere aldatu dute Zorrotz-Labealde artean.
Construcciones Artzamendi eraikuntza enpresak joan den astean hasi zituen Aizkorri kalea irisgarriago egitea eta azpiegiturak berritzea helburu duten obrak. Otsailaren amaieran, haur parkearen eremuan eta Bikuña Txikiko aparkalekuan jarri zituzten obretarako behar dituzten kasetak eta bestelakoak, eta egun gutxitara makinak lanean hasi ziren Txorroneko bidegurutzearen parean.
Urte betetik gorako iraupena izango dute lan hauek, 13 hilabete zehazki, eta 1.065.443,95 euroko aurrekontua. Udalak iragarri zuen obrak egiten dituzten bitartean, aldaketak izango zirela zirkulazioan eta aparkatzeko eremuetan. Eta lehen aldaketak iritsi dira, aparkalekuei dagozkienak bereziki.
44 aparkaleku plaza
Aizkorri kalean kenduko dituzten aparkaleku plazak konpentsatzeko, beste gune bat egokituko dute biribilgunetik Motxorrora doan bidean, Labealde eta Zorrotz enpresen artean. Guztira 44 plaza sortuko dituzte.
Aparkalekuak egiteko, trafikoa ere aldatuko dute bide zati horretan. Hala, autoen eta kamioien trafikoa noranzko bakarrekoa izango da Zorrotzetik Labealdera. Labealde-Zorrotz norabidean zirkulatzeko, ibilgailuek kanpoko bidetik joan beharko dute, hau da, biribilgunetik Motxorrora joanda, eta handik sartuta.
Txirrindulariek, aldiz, bi noranzkoetan zirkulatu ahal izango dute.
Aparkalekuak adierazteko margotze lanak hasita daude, eta bidea ere itxita dago, zirkulazioa debekatzeko seinalea jarrita.
Txorronea-biribilgunea
Txorronea ondoan dagoen bidegurutzetik biribilguneraino doan Aizkorri kaleko zatian ari dira egiten obrak, irisgarritasuna hobetzeko, hiri-azpiegiturak berritzeko eta oinezkoentzako gune atseginagoa eta seguruagoa sortzeko asmoz.
Gune horretako zoladurak eta espaloiak berrituko dituzte, eta hornidura, saneamendua eta argiteria sareak ordezkatuko dituzte. Lurzoru azpian ere obra garrantzitsuak egingo dituzte, bereziki, euri-uren eta ur zikinen saneamendu sarean eta ur horniduran. Gipuzkoako Urak erakundearen eskumeneko lanak dira azken hauetako batzuk, eta horregatik, lagundu egingo du proiektuaren finantzaketan.
Lan horiez gain, bide espazioa ere berrantolatuko dute, bereziki oinezkoen, ibilgailuen eta bizikleten arteko bizikidetza errazteko. Zentzu honetan, bidegorriari jarraipena emango diote, eta errepidetik banatutako trazatua egingo diote.














