Legazpiri hautagaitza ofiziala aitortu diote nazioarte mailako elkartasun sari baterako
The Inmigrant Times proiektuak sortutako Solidarity Prize sarirako hautagaia da Legazpi. Europako zein Ipar Amerikako beste herri eta hiri batzuk ere izendatuta daude sarirako. Orain bozketa fasea dago irekita, eta edonork bozka dezake Legazpiren alde, mezu elektroniko bat bidalita.
Legazpi hautagai ofizial izendatu dute The Inmigrant Times proiektuak sortutako Solidarity Prize sarien 2026ko ediziorako. Jatorri desberdineko pertsonen arteko elkartasuna, errespetua eta bizikidetza eguneroko bizitzaren parte diren komunitateak nabarmentzen ditu sari horrek.
Legazpiko Berdeak taldeko kide batek proposatu zuen Legazpiren hautagaitza sarirako, eta lehen fasean maila handiko udalerriekin lehiatu eta gero, iragazki hori gainditu du, eta izendatuen artean kokatzea lortu du, Kanada, Alemania, Austria, Italia edo Erresuma Batuko hiri eta herri desberdinekin lehiatuz.
Udal ordezkarien esanetan, nazioarte mailako sari horretarako izendatua izateak “gure udalerriaren identitatearen parte den zerbaiti balioa ematen dio”: elkarrekin bizitzeko, laguntzeko eta guztion artean komunitatea eraikitzeko gaitasunari”.
Legazpiren hautagaitza “ez da soilik ekimen instituzionaletan oinarritzen, baizik eta herritarren eguneroko jarreran, elkarteen lanean, sare sozialaren inplikazioan eta, egunez egun, gure herria leku atsegin egiten duten keinu txikietan ere”.
Horregatik, izendapen hau “Legazpiko auzotar guztien aitorpen kolektiboa da”.
Udalak, aldi berean, herritarren laguntza eskatzen du, prozesuaren fase honetan bozkatu egin behar delako, eta edonork parte har dezakeelako.
Legazpiren alde egiteko solidarity.prize@gmail.com helbidera bidali behar da mezu bat, iruzkinekin, eta mezuaren gaian Legazpi jarri behar da.
Legazpi honaino iritsi izana “harro egoteko arrazoia da”. Orain, “gure herriaren elkartasunak eta bizikidetzak nazioartean ere errekonozimendua izateko aukera dugu·.













