Xabi Zurutuzak TopSurface Aspar Team taldearekin egingo du aurtengo denboraldia
Aspar Team eta Estatu Batuetako Andifer Racing taldeak elkartzetik sortutakoa da, eta aste honetan aurkeztu ditu bere pilotuak. Legazpiarrak Europa mailako Moto2 txapelketan lehiatuko da.
Zurutuza, 85 zenbakiko motoaren atzean, taldekideekin batera. TopSurface Aspar Team
Xabi Zurutuza moto pilotua TopSurface Aspar Team taldean lehiatuko da denboraldi honetan. Jorge Martinez Aspar pilotu ezagunaren Aspar Team eta Estatu Batuetako Andifer Racing taldea elkartzetik sortutakoa da, eta legazpiarrak bere babesean egingo du aurten Europa mailako Moto2 txapelketa. Ricard Jove izango du kirol zuzendaria talde berriak.
Kalex motoarekin lehiatuko da aurten 19 urteko Zurutuza Moto2 kategorian, eta taldekide izango ditu 21 urteko Johan Gimbert pilotu frantsesa, eta 20 urteko Joan Santos espainiarra. Legazpiko moto pilotu gazteak 85 zenbakia mantendu du motoarentzako, eta dagoeneko apainduta du bere babesleen izenekin.
Aste honetan aurkeztu ditu pilotuak talde berriak. Moto2-an lehiatuko direnez gain, Stock kategorian 17 urteko Alberto Garcia espainiarra ere izango da taldean.













