Jon Ander Albisu, finalera
Unai Laso lagun duela 22-21 irabazi diete Elordi-Zabaletari Logroñoko Adarragan. Binakakoan hirugarren finala izango du ataundarrak. Nafarroa Arenan izango da hilaren 29an.
Albisu, Laso, Elordi eta Zabaleta, Logroñoko Adarragan egindako pilota aukeraketaren ondoren. Baiko pilota Partida gogoangarria batean, eta 17-21eko emaitzari buelta emanez, Laso eta Albisu Binakako Pilota Txapelketaren finalera sailkatu dira. Tanto bakar batengatik hartu dituzte mendean Elordi eta Zabaletan (22-21). Altuna III.a eta Ezkurdia izango dituzte aurkari Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko den finalean, hilaren 29an.
Lehia estua izan da Logroñoko Adarragan jokatutakoa, eta partidaren unerik gehienetan gorriak aurretik joan badira, azken tantoetan Lasok arriskatzea erabaki du, eta bost tanto errenkadan egitea lortu dituzte urdinek. Polemika ere izan da, 19. tantoa egin berritan Laso aldageletara sartu baita, eta horrek Elordiren haserrea piztu du. ETB1 telebista kateari egindako adierazpenetan haserre hitz egin du mallabiarrak, eta epaileak haien lana ez dutela haien lana zuzen bete nabarmendu du –Laso aldageletara epaileen baimenik gabe sartu dela esan du–. Finalean eurek beharko luketela esan du.
Norgehiagokaren ondorengo elkarrizketan hunkituta azaldu da Albisu. Partidari itxuran eutsi dio, baina lehiaren une erabakigarrian hiru kale jarraian egin ditu, eta horrek zalantzak sorrarazi dizkio. Eskubiko eskuarengatik galdetuta, minez baino beldurrez aritu den adierazi du, eta eskerrak eman dizkie Beasaingo Eskura zentroko fisioei.
Hirugarren finala ataundarrak
Orain hamabost eguneko epea izango du ataundarrak ondo errekuperatzeko eta martxoko azkeneko igandeko finalera bete-betean iristeko.
Binakakoan hirugarren finala izango du Jon Ander Albisuk (Ataun, 1990). Lehen finalera 22 urte eskas zituela iritsi zen Pablo Berasaluzerekin, baina finalean orpazurda hautsi zuen bizkaitarrak, eta Irujok eta Zabaletak jantzi zuten txapela.
Bigarren finala Jon Ander Peña aurrean zuela jokatu zuen 2021ean Bilboko Bizkaia frontoian, pandemia osteko giroan eta publikorik gabe. Elezkano eta Zabaleta izan diren irabazleak (22-7).













