Miguel Berridi izan da Gipuzkoako 26. Ezti Lehiaketako irabazlea
Hernaniko Markox Pagolak egin du bigarren eta Juan Mari Arabolaza oiartzuarrak hirugarren. Herritarren saria Nagore Dorronsorok irabazi du.
Aurtengo Ezti Lehiaketako saridunak. Erlezain Egunaren baitan, aurten ere, Gipuzkoako Ezti Lehiaketa ospatu dute Zegaman. 26. edizio honetan, Miguel Berridi irundarraren eztia izan da garailea. Iker Zubeldia alkateak eta Joanes Gorrotxategi gozogileak eman dizkiote txapela, trofeoa eta 300 euroko saria. Bigarren ezti onenaren aitortza Hernaniko Markox Pagolarentzat izan da; Mahala etxeko Jokin Arrospidek eta Denis Perez zinegotziak banatu dizkiote trofeoa eta 200 euroko saria. Hirugarren postua, berriz, Juan Mari Arabolaza oiartzuarrarentzat izan da, eta Izaskun Igoaren eta Ana Muñoaren eskutik jaso ditu torfeoa eta 100 euroko saria.
Herritarraren saria ere banatu dute, eta Nagore Dorronsoro izan da irabazlea. Egoitz Irastortzak banatu dio oroigarria.
Egitarau oparoa
Egun osoan zehar hainbat ekintza egiteko aukera izan dute herritarrek. Ekintza nagusien artean Rafa Gorrotxategiren tailerrak izan dira: eztiarekin egindako txokolatinen dastaketa eta txokolate tailerra. Bi txandatan egiteko aukera izan da, 10:30ean eta 12:30ean. 13:00etan Aitxuri Herri Eskolako ikasleei zuzendutako marrazki-lehiaketaren sari banaketa egin dute, eta jarraian, 26. Gipuzkoako Ezti Lehiaketako sari banaketa. Ondoren, gozokien doaneko banaketa ere izan da.
Arratsaldean ere ez da ekitaldirik faltako. 18:00etatik aurrera bertso-jaialdia egingo dute Aitxuri Herri eskolako Gimnasioan. Bertsolariak, Xabat Illarregi, Aitor Mendiluze, Nerea Ibarzabal eta Oihana Iguaran izango dira, eta Imanol Artola Felix arituko da gai-jartzaile lanetan.













