Kirola Elkarrekin, eguraldi txarrak gelditu ezin izan duen olatu horia
Atzegi elkarteak antolatutako topaketaren 14. edizioa igandean ospatu zen, Legazpin, sortu zen herrian. Gipuzkoa, Araba eta Bizkaitik iritsitako 500 inguru kirolari elkartu ziren.
Pilota aukeratu zuten kirolariak, Urbeltz pilotalekuan, Legazpiko Gazteak klubeko kideekin. Eguraldiak ez zuen lagundu igandeko Kirola Ekarrekin festan, baina elkartasun eta lagun giroak bai. Legazpi horiz jantzi zen igande goizean, eta desgaitasun fisikoa eta mentala dutenak eta ez dutenak elkartzeko aitzakia bihurtu zen este behin kirola.
Atzegi elkarteak antolatuta, Kirola Elkarrekin festak 14. edizioa ospatu du aurten, berriz ere Legazpin, sortu zen herrian. Elastikorako kolore horia aukeratu zuten edizio honetarako, eta Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko 500 inguru kirolarik parte hartu zuten, herriko kirol elkarteren laguntzarekin. Izadi Zaleak mendi taldeko kideekin mendi ibilaldia egiteko aukera izan zuten batzuk, igeri ere bai Legazpi Igeri Elkartekoekin, futbola Ilintxarekin, pilota Legazpiko Gazteak eskolakoekin, bolatan Danantzako elkarteko bolariekin, eta saskibaloia Andraitzekoekin. Bestela, Gipuzkoako Konporta, Askatuak, Izarraitz, Mindara, Zarautz eta Kirol Egokituen Federazioa, Arabako Aspace eta Bizkaiko Gorabide elkarteek ere parte hartu zuten.
Kirola egin ondoren, bazkaltzeko elkartu ziren festakideak Gizarte Zentroan, eta bazkalondoko dantzaldiarekin ondoren agurtu ziren, hurrengo egunera arte.














