Nerabeen ongizate emozionala, Legazpiko Udalaren jomugan
Ongizan izeneko programa pilotua jarriko du martxan, herriko bi ikastetxeetan. LH-6ik DBH-2ra arteko ikasleei dago zuzenduta.
Herriko nerabeen ongizate emozionala sustatzeko helburuarekin, Legazpiko Udalak Ongizan programa jarriko du martxan, Gaztedi elkartearekin eta herriko hezkuntza eragileekin elkarlanean. Atzo aurkeztu zuten, Kultur Etxean.
Herriko ikastetxeetan gauzatuko dute Ongizan, eta zerbitzu pilotua izango da Gipuzkoa osoan. Foru Aldundiaren finantzazioa izango du.
Legazpiko Hezkuntza Mahaiak egindako proposamenetik sortutako zerbitzua da, eta bertan antzemandako premiei erantzutera dator. Haztegi eta Olamendi ikastetxeak, Nerabeentzako Zerbitzua, Doinua Musika Eskola, eta Legazpiko Udala dira Hezkuntza Mahaiaren partaideak.
11-13 urtekoentzat
Lehen Hezkuntzako seigarren mailako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren mailako ikasleei zuzenduta dago Ongizan, hau da, 11 eta 13 urte bitarteko nerabeei. Lau saio izango dituzte, ikastetxeetan. Beste gai batzuen artean, emozioen kudeaketa, harremanak, estresa edo arrisku portaeren prebentzioa jorratuko dituzte, osasun mentaleko hainbat profesionalekin.
Familiak eta hezkuntza komunitatea ere hartuko ditu kontuan programak. Horrela, guraso eta tutoreentzako saioak ere izango dira, nerabezaroaren ezaugarriak eta gatazken kudeaketa lantzeko. Irakasleei, berriz, prestakuntza saioak eskainiko dizkiete, ikasleen egoera emozionalak identifikatzeko eta laguntza egokia emateko tresnak indartzeko.
Ikasturtea amaitu arte
Programaren aurkezpenean azaldu zutenez, Ongizan egitasmoaren helburua da «nerabeei erresilientzia eta ongizate emozionala garatzeko tresnak eskaintzea, baita familiei eta hezkuntza komunitateari orientazioa ematea ere».
Ikasturtearen amaierara arte garatuko da egitasmo hau, eta ikasleei eta irakasleei zuzendutako aurrez aurreko saioez gain, komunikazio-kanal gehiago ere izango ditu. Hala, gurasoentzako telefono bidezko arreta, irakasleentzako posta elektronikoa eta gazteentzako Instagram bidezko kontsulta anonimoak ere eskainiko ditu.
Programa hau martxan jarrita, «bizitzako etapa erabakigarria» den nerabezaroan jarri nahi du arreta udalak, eta gazteen ongizate emozionala sustatzeko «komunitate osoaren inplikazioa beharrezkoa dela» nabarmendu nahi du.













