Jon Etxeberriaren ezti krema, oporrak gozatzeko
Nafarroako oliba olio berria ere aurkeztu du Uliako Labeak, Estatu Batuetatik ekarritako astigar jarabearekin batera. Jateko zein apaintzeko loreak ere eskaini dira ferian, eta ilarren eskaintza zabaltzen doa, lau mota desberdinekin.
Aste Santu bezperan, opor usainarekin egin da gaurko feria Ordizian. Apirileko lehena izan da, gainera, eta hainbat produktu berri aurkeztuta egin dio ongi-etorria hilabeteari. Ezti kontuak izan dira eguneko protagonistetako batzuk, loreekin eta Nafarroako olioarekin batera. Eguraldia, berriz, tristea eta bustia.
Jon Etxeberriak duela aste batzuk esan zuen eztia kristalizatzen hasita zegoela, gogortzen, eta krema egiteko asmoa zuela. Gaur aurkeztu du azkenik ezti krema hori, ohiko eztia bezala, Gozatu markarekin. Izpilikua duen udako mila lore eztiarekin egin du krema, eta gaur bezeroei probatzera eman die, gustuko duten ikusteko, eta saltzeko, noski. Betiko eztia da, eta betiko zaporea du, baina irabiatu ondoren krema bihurtua, gogortutakoa baino errazago kontsumitu ahal izateko, ogian igurtzita, adibidez, edo jogurtari botata. Kiloko potean (16 euro), kilo erdikoan (8,5 euro) eta 320 gramokoan (6,8 euro) du salgai.
Plaza Nagusiko beste ezti saltzaileak, Aroma de Abeja arabarrak, aurretik ekarritako txilar eta artea eztiari beste bat erantsi dio gaur salmenta postuari, udaberriko mila lorea (kiloa 15,90 euro).
Astigar jarabea eta olioa
Eta gozo kontuek Uliako Labea komunitatearen postuan izan dute jarraipena, paraje hauetan oso ohikoa ez den produktu bat aurkeztu baitute: astigar jarabea edo siropa. Estatu Batuetan Kanadarekin muga egiten duen Vermont estatuan duten beste komunitate batean ekoitzia, 25 euroan dute salgai botila handia, 14 erdian ertaina, eta 3,50ean txikia. Edulkoratzaile naturala dela azaldu dute saltzaileek, eta okindegian, gozoak eta pastelak gozatzeko erabiltzen dutela, besteak beste.
Oliba olioa ere bazuten Uliako Labekoek, baina hau gertuagokoa. Nafarroako Corellan badute beste komunitate bat, eta han ekoizten dute La Noria izenpean, arbekina motako olibak erabilita. Oliba olio berria da, eta litroa 11 euroan dute salgai.
Lore kontuak
Loreak ere izan dira albiste gaurko ferian, apaintzekoak eta jatekoak. Apaintzekoen artean, Monteseko Arantxa Iparragirrek salgai jarri dituen sorta txikiak aipatu behar dira. Menda-belarrez, mendafinez, erromeroaz, hilerri liliz eta margaritaz osatuta, 2,5 euroan zituen salgai.
Anttoni Murgiondok, berriz, kala zuriz eta kale azaren lore horiz osatutako sortak izan ditu salgai, 4 euroan. Eta Natalia Magallenesek ere lora horiek eskaini ditu, baina loratu gabe oraindik, eta jateko, sorta 2 euroan.
Ilarrak, bestalde, ugaritzen ari dira, baina ez asko, aurten ez omen delako urte ona izango. Hainbat postutan dago salgai dagoeneko, negutegikoa eta aire librekoa. Momentuz, Maravilla, Lincoln, Dorian eta Principe Alberto motatakoak daude salgai, kiloa 14 eta 15 euro artean.
















