Korostiko igoera bertikalerako izen-ematea irekita
Legazpiko Gazte Asanbladak antolatuta, apirilaren 25ean izango da. Santikutz jaien aurreko astebururako prestatu dituzen I. Gazte Festen barruan kokatzen da. Festa horien barruan musika, bestelako kultura jarduerak eta kirol gehiago ere izango dira.
2018ko Korostiko igoeraArkaitz Apalategi Legazpiko Gazte Asanbladak antolatuta, Legazpiko lehen Gazte Festak egingo dira Santikutz jaien aurreko asteburuan Gaztetxean. Egitarauan era askotako ekitaldiak jaso dituzte egun horietarako, apirilaren 24 eta 25erako. Musika, bestelako kultur jarduerak eta kirola izango dira festa horien ardatz.
Ostiralean, Ixkiña ireki eta Gazte Oholtza instalatuko dute bertan, herriko gazteei mikrofonoak eskainiz. Parte hartzeko izena eman behar da, Gaztetxean bertan edo sare sozialen bidez.
Larunbatean, Korostiko igoera bertikala, brilet 7 txapelketa, bazkaria, elektrotxarangaren emanaldia eta kontzertuak izango dira.
Korostiko igoera bertikala
Korostiko igoera bertikala lehen aldiz egingo du Gazte Asanbladak, duela urte batzuk egiten zen proba “berpiztu” ondoren; 2018an egin zen azkena. Euskal Herria plazatik abiatuta, hiru kilometroko luzera eta 530 metroko desnibel positiboa duen lasterketa izango da, Korosti mendi tontorreraino.
Parte hartzeko izena eman behar da, hilaren 10a baino lehen, Gaztetxean bertan, 12 euro ordainduta. Trukean kamiseta bat jasoko dute partaideek. Informazio gehiago 610 962 491 (Beñat Iturbe) edo 688 853 145 (Unax Urtegi) telefono zenbakietara deituta, edo mendigazte@gmail.com helbidera mezu bat bidalita jaso daiteke
Jarduera hau 08:30ean hasiko da, plazan bertan, dortsal banaketarekin. Partaideak minutuero aterako dira, banaka edo binaka, 09:15etik aurrera. Lehen partaidea Korostira 9:45etik 10:00etera iristea aurreikusten da. Mendian anoa postua egongo da.
Hau ez da ohiko lasterketa bat izango, eta sariak irabazleei eman beharrean, partaide guztien artean zozkatuko dituzte, helburua parte hartzea, ahalegina eta giro ona sustatzea delako. Sariak 12:30ean banatuko dituzte.












