Ordiziako gaztandegi berria, bisitagarria
Gaztandegi berria eraikitzen ari dira Ordizian, Arana plazan. Gazta egiteaz gain, bisitak, gazta dastaketak eta erosketa egiteko aukera izango da. Ekainerako amaituko dituzte lanak.
Eitzen arkitekturak egin du diseinua.Eitzen arkitektura. Gazta egiteko toki soila baino askoz ere gehiago izango da Ordiziako Udala, Arana plazan eraikitzen ari den gaztandegi berria. Kokapen berria izateaz gain, bisitagarria izango da. Teknologia berrienarekin, gaztaren ekoizpen eta ontze prozesua bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da Ordiziako Gazta Kooperatiba berrian. Eitzen arkitekturak egin du diseinua.
Adur Ezenarro Ordiziako alkatearen esanetan, Felix Ajuria, Idiazabal Jatorri Izendapeneko lehendakariaren ideia jarraitu dute proiektu berrian: «Ajuriak beti esaten zigun, Euskal Herrian herri bakarra ginela herri erdian gaztandegia zuena eta pena bat zela hori ez erabiltzea, gazta nola egiten den erakusteko. Ikusita D’elikatuzek eta azokak jende asko erakartzen dituela, aktibo bat bageneukala erabili gabe».
Oinarri horretatik abiatuta, eta Next Generation funtsaren diru laguntzarekin, gaztandegiaren lanak aurrera doaz, D’elikatuz Interpretazioa zentroaren berrantolaketarekin, eta Oianguko aterpetxea berreskuratzearekin batera. Horrekin guztiarekin, Idiazabal Lurraldeari «osotasuna» emango diote, Ordiziatik atera beharrik gabe.
Gaztandegi berria eraikitzeko 635.750 euro jasoko dituzte Next Generationetik, eta «beste zati bat udalak jarriko du». Ekainerako lanak bukatzea aurreikusten da.
1990. urtetik
Ordiziako Gazta Kooperatiba 1990an jarri zuten martxan, Aralarko artzainei gazta egitea, biltegiratzea eta salmenta errazteko helburuarekin. Ordiziako Udalak Jose Migel Barandiaran plazaren atzealdean utzitako lokaletan egokitu zuten gaztandegia, herriak Idiazabal Gaztarekin duen lotura estua delako eta gaztagintzaren sektoreari bultzada emateko.
Baina urteen poderioz, gaztandegia zaharkituta geratu da, eta orain arte erabili izan duten bi artzain kooperatibistek, berriki utzi dute Ordiziako gaztandegiko jarduna.
Bi solairu
Gaztandegi berriak bi solairu eta bi helburu ditu, Suitzako gaztandegi batetik hartutako ideian oinarrituta. Lehen solairuan, gazta egiteko eremua jarriko dute.
Goiko solairuan, berriz, estrategikoki egin dituzten leiho edo zuloetatik, bisitariak gaztaren prozesu osoa jarraitu ahal izango du. Era horretan, «bisitagarria izateak ez du oztopatuko gazta egiteko prozesua, eta baldintza sanitarioak bermatuko dira».
Altuera bikoitza duen zulora ematen duten beirateetatik, gazta egiten den tokia ikusiko da, eta beste zoru mailako leihoetatik, bi hozte-kamarak. «Gazta, prozesu desberdinetan, nola ontzen den ikusiko da Idiazabal Gazta lortu arte».
Azkenik, beste leiho berri bat ireki dute fatxadan: Txindoki eta Aralarreko ikusmira duena, «proiektuari osotasuna emango diona».
Ikus-entzunezkoekin batera, bertan egindako gazta dastaketarekin amaituko da bisita. Gazta erosteko aukera ere izango da.
D’elikatuz eta Oiangu
D’elikatuzetik kudeatuko da baliabide turistiko berria. Izan ere, Oianguko baserriaren eta D’elikatuzen eraberritzearekin batera egiten ari den proiektu turistikoa da gaztandegiarena. D’elikatuzeko beheko solairuan eskualdeko turismo bulegoa berritu eta egokituko da; erakusketa edo ekitaldi gela mantenduko da.
Lehen solairuko lehen aretoan, bisitariari ongi etorria emango zaio Delikatuz interpretazio zentro berrian, Ordiziako Azokotatik Goierrira, erakusketa bakar batean natura, historia, kultura eta gastronomia uztartuz.
Lehen solairuko bigarren aretoan berriz, asteazkeneroko azokaren ikus-entzunezko murgiltze esperientzia berriari esker, azoka asteko edozein egunetan bizitzeko aukera izango da.
Bigarren pisuan, bulegoak birkokatu dira, eta gaur egun dagoen erakusketan dastaketak egiteko mahai handi berri bat jarriko da begiralekura zabalduta.
Estalkipean berriz, espazio guztia Aralar mendilerroaren handitasuna erakusteko gunea izango da, eta bertatik egingo da lotura, latxa ardia, artzaintza eta Idiazabal gaztarekin, gaztandegiko bisita eskaintzeko.
Oianguri dagokionean, azkenik, «Oianguko aterpetxearen berreskuratzea, eta ondoko eraikinean erabilera anitzeko espazioak sortzea garrantzitsua da» da Ezenarrorentzat, «jakinda Aralarreko sarbide horretan Oiangu garrantzitsua izan daitekeela, eta Oiangu baserriko jatorrizko aterpetxe publikoa berreskuratuko dugula». Hori guztia, Ordiziatik atera gabe.












