Segurako 50. Euskal Herriko dantza txapelketako kartela aukeratzeko lehiaketa
Maiatzaren 5era arteko epea dago lanak aurkezteko. Irabazleak 400 euro jasoko ditu. Gainerako parte hartzaileek 20 euronako baleak jasoko dituzte herriko dendetan kontsumitzeko.
Segurako 50. Euskal Herriko Dantza Txapelketa iragartzeko publizitatea eta kartelak irudikatuko dituen kartela aukeratzeko lehiaketa antolatu du Segurako Udalak. Edonork parte hartu ahal izango du (pertsona fisiko, elkarte, e.a.) eta gehienez hiru lan aurkeztu ahal izango ditu egile bakoitzak.
50. Euskal Herriko Dantza Txapelketa 2026-10-17 Segura testua jarri beharko da kartelean. Gainerakoan, ondorengo ezaugarriak bete beharko ditu:
- Tamaina: formatu bertikalean aurkeztubeharko dira eta 50 x 70 zentimetroko neurria izango dute.
- Kolorea eta teknika: aukerakoa. Kartela formatu digitalean aurkeztu behar da irudi bektorialeko fitxategi batean. Hautaketaren 1. fasean, fitxategiak 300 ppp-ko gutxieneko erresoluzioa izango du, eta gehienez 5 MB-ko edukiera izango du. Irabazleak bereizmen handiko formatuan aurkeztu beharko du bere proposamena.
- Testuak: erabilitako tamainak zein tipografiak ongi irakurtzea erraztu behar dute.
Kartelak fitxategi digital batean aurkeztu behar dira, Segurako Udaleko kultura sailean kultura@segura.eus helbidera bidalita.
Sariak
Maiatzaren 18an irabazlea nor den jakitera emango da www.segura.eus atarian. Lehiaketaren irabazleak 400 euro jasoko ditu. Gainerako parte hartzaileek 20 euronako baleak jasoko dituzte herriko dendetan kontsumitzeko.












