Azoka berezia egin dute Ordizian
Lore eta landare berriak, zizak eta Idiazabal gazta izan dira azokako protagonistak.
Loreen artean, tulipanak eta irisak izan dira gaurko protagonista. Artzain Egunaren harira, Ordiziako asteazkenetako azokak kutsu berezia izan du gaurkoan. Produktuen eskaintza anitza izan da, eta bisitariek aukera izan dute hainbat zapore eta kolore gozatzeko.
Alde batetik, zizak izan dira protagonista, Mikel Lasaren, Patxi Arizmendiren eta Arantxa Lopetegiren postuetan; guztira 5kg, kilo bakoitza 130€-an.
Bestetik, lore eta landareen aukera ere zabala izan da. Loreen artean, tulipanak eta irisak nabarmendu dira, eta landare berriak erosteko aukera ere egon da: Gernika piperra, morroa, italiarra, tomate gerezia, robin-a, arrosa, berenjena eta kalabazina. Horiez gain esparrago zainak ere postuetan aurkitu dira.
Gaurko eguneko protagonista izan den Idiazabal izendapeneko gazta ere ez da faltan izan azokako postuetan. Arizmendi Gaztak, Mikel Lasa eta Patxi Atienzaren postuetan egon da. Prezioari dagokionez, kiloa 24 eta 25,5 € artean egon da.














