Idiazabal gaztaren denboraldi berria abian da
Hondarribiko Alameda jatetxeko Gorka Txapartegi sukaldariak ebaki du Idiazabal gazta berria, eta Jose Ramon Agiriano ostalari eta gastronomoa omendu dute.
1.500 ardi inguruk zeharkatu dute Ordiziako Plaza Nagusia. Beste urte batez, Ordiziak ireki du aurtengo Idiazabal gaztaren denboraldia, jendez eta giroz betetako goiz batean. 09:00etatik aurrera, herriko hainbat gunetan ekitaldi eta jarduera desberdinak egin dira, eta mugimendua eta bizitasuna ekarri dute Ordiziako kaleetara.
Eguneko jarduera nabarmenenak Azoka berezia, Idiazabal gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala eta artaldeen zeharkaldia izan dira. Aurten, 1.500 ardi inguruk zeharkatu dute Ordiziako Plaza Nagusia eta Alde Zaharra, bost artaldetan banatuta.
Idiazabal Gazta berriari ongi etorria
Artaldeen zeharkaldiaren ostean, Idiazabal gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala egin dute udaletxeko batzar aretoan. 32. edizio honetan, Hondarribiko Alameda jatetxeko Gorka Txapartegi sukaldariak ebaki du Idiazabal gazta berria. Bere ondoan izan ditu Mikel eta Kepa Txapartegi anaiak eta Alameda proiektuko kideak.
Aldi berean, Jose Ramon Agiriano ostalari eta gastronomoa omendu du Idiazabal Jatorri Izendapenaren Kontseilu Arautzaileak, “Idiazabal Gazta jende askori gerturatu eta bere sustapenean egiten duen lanagatik”.
Erregulartasun-kalitate sariari dagokionez, Segurako Ondarreko Eneko Goiburu artzainak jaso du Artzain gazta kategoriari dagokiona, eta Olaztiko (Nafarroa) ‘Quesos La Vasco Navarrak’ gaztandegien kategorian.
Artzainen lana balioan
Sariak banatu aurretik, Ordiziako alkate Adur Ezenarrok eta Eusko Jaurlaritzako hainbat sailburuk hitzaurre labur bana eskaini dute, artzainen lana goraipatuz eta eskertuz. Azpimarratu dutenez, artzainak Euskal Herriko tradizioaren ezinbesteko pieza dira, eta, aldi berean, euskaldunon izaeraren parte ere badira.
Horrez gain, Ordiziako alkateak jakinarazi du gaur egun martxan dagoela edonorentzat bisitagarria izango den gaztandegi berri baten proiektua, eta helburua datorren urterako prest izatea dela. Bertan, Idiazabal gaztaren ekoizpen-prozesua gertutik ezagutzeko aukera izango da.
Ekintza nagusiez gain, Garagartza plazan ile-mozte erakustaldia, gazta egitea eta mamia dastatzeko aukera izan da, baita arkume pintxoen salmenta ere. Eguraldi paregabea egin du eta kaleak jendez bete dira, ardien ikusmiran eta azokako jaki goxoen bueltan.













