Carlos Suarezek irabazi du Legazpin jokatutako Euskadiko xake txapelketa
Herriko Santikutz klubak antolatuta, ostegunetik igandera bitartean jokatu da txapelketa, Agirre-Etxeberrin. Ordiziako Asier Lakuntzak txapeldunorde titulua eskuratu du. Markel Vesga legazpiarra seigarrena izan da.
Euskadiko xake txapelketako podiuma: erdian txapelarekin, Carlos Suarez; ezkerrean, bigarren postuan sailkatutako Asier Lakuntza ordiziarra; eta eskuinean, Unai Garbisu nafarra, hirugarrena. Santikutz xake elkartea Carlos Suarez Garcia asturiarra da Euskadiko xake txapeldun berria. Ostegunean hasi eta igandera arte Legazpiko Agirre-Etxeberrin jokatutako Euskadiko 41. xake txapelketan irabazi du titulua, eta Ordiziako Asier Lakuntzak bigarren postua lortu du. Hirugarrena Unai Garbisu nafarra izan da. Markel Vesga legazpiarra seigarren postuan sailkatu da.
Santikutx klubak egin ditu hirugarren urtez jarraian Euskadiko txapelketa honen anfitrioi lanak, Legazpiko Udalak eta Euskal Xake Federazioak lagunduta. Hogei xake jokalarik parte hartu dute bertan.
Sestaoko (Bizkaia) xake klubeko kidea da Suarez, eta Nazioarteko Maisu tituluaren jabe. Euskadiko txapela Nazioarteko Maisua ere baden Iñigo Argandoñarekin azken errondan ‘tablak’ egin eta bost puntu eskuratu eta gero irabazi du, iaz Legazpin lortutako titulua berretsiz. Lakuntza ordiziarrak ere bost puntu lortu ditu, baina berdinketa hausteko sistemak Suarezi eman dio lehen postua. Hirugarren sailkatutako Unai Garbisu Iruñeko Orbina klubeko kidea eta Nazioarteko Maisua da, eta 4,5 puntu eskuratu ditu txapelketan.
Iazko txapelketako podiuma errepikatu da aurten.
“Meritu handiko garaipena”
Txapelketa atzo eguerdian amaitu zen lau eguneko jardunaren ondoren, eta antolatzaileek azaldu zutenez, jokatutako zazpi partidetatik txapeldunak “bost puntu besterik ez” zituen lortu, hau da, hiru garaipen eta lau berdinketa egin zituen. “Puntuazio baxua da, eta horrek erakusten du lehiakideen maila altua eta torneoaren gogortasuna”. Txapelduna ez zen azken unera arte erabaki, eta “azken erronda emozio handikoa izan da”.
Suarezena “meritu handiko garaipena eta oso zaila” izan da, “aurkakoen maila oso altua” zelako eta “ostegunean eta larunbatean jokatutako erronda bikoitzak, goizekoak eta arratsaldekoak, oso exijenteak” izan zirelako. Behin txapela eskuan zuela adierazi zuenez, “oso pozik nago torneoan parte hartu izanagatik, eta antolatzaileen aldetik jasotako tratu bikainagatik. Txapelketa berriz ere Legazpin jokatzen bada, saiatuko naiz hemen izaten”.
Alfil klubeko kide den Asier Lakuntza ordiziarrak ere “torneo bikaina” egin du antolatzaileen arabera, eta irabazlearekin berdinduta amaitu zuen puntutan.
Markel Vesga legazpiarrak ere “txapelketa oso ona” egin du Santikutz klubeko ordezkarien esanetan. Azken errondara bigarren postuan iritsi zen, “irabaziz gero, txapela lortzeko aukerekin”. Baina ez zuen lortu, “azken partida oso gogorra izan zen, eta garaipena lortzeko arriskatu egin zuen, eta galdu egin zuen”.
Antolatzaileak “oso pozik” geratu dira partaideek erakutsitako “maila altuarekin”. “Euskal xakearen munduan oso kontsolidatuta dauden jokalariak, eta mundu horretan etorkizunean buruan jarriko duren xakelari gazteak elkartu dira bertan”.
Euskadiko xake txapelketa hau ostegun arratsaldean hasi zen, apirilaren 9an, partaideei dantzariek eskainitako aurreskuarekin, eta Josu Galilea kiroletako zinegotziak egindako ohorezko sakearekin. Eric Galvez alkatea arduratu zen azken ohorezko xakea egiten igandeko jardunaldiaren hasieran, eta txapelketa Legazpin jokatu izanaz “harro” agertu zen, Santikutz klubari edizio gehiago antolatzeko animatzearekin batera. Euskal Xake Federazioko lehendakari den Miguel Angel Muelak, bere aldetik, eskerrak eman zizkion Santikutz klubari, antolaketa lanengatik eta “uneko jokalari onenak” elkartzeagatik bertan.
Eskertza gehiago
Santikutz klubak ere hartu zuen tarte bat txapelketan lanean eta laguntzen jardun zuten guztiak eskertzeko. Klubeko kideak jarri zituen zerrendaren lehen postuan, “egindako lan bikainarengatik, eta euska xakearekiko erakutsitako konpromisoagatik”. Aipamen berezia egin zion Alberto Vesgari, “torneoaren arduraduna izan da, eta bere lana ezinbesteko izan da denak perfektasunarekin funtzionatu zezan”.
Udal ordezkariak ere aipatu zituzten, “udalaren babesari esker jokatu ahal izan delako txapelketa Legazpin, bitarteko apartekin gainera”.
Federaziko lehendakariari ere eskerrak eman zizkion, txapelketa osoan Legazpin egoteagatik eta sari banaketan parte hartzeagatik.
“Txapelketa gogorra izan da, zirraragarria eta kalitate handikoa, euskal xakeak duen indarra berriz ere agerian jarri duena.
ARGAZKIAK: Santikutz xake elkartea













