Maddi Agirre Osinalden irabazle
Haira Aizpurua sailkatu da bigarren Gabirian. Ez ohiko garaian jokatu zen larunbatean Osinalde sariketako finala. Orain artekoetan, afal ondorenean aritu izan badira ere, aurten, bazkalondorenean jokatu da eta antolatzaileak gustura daude erantzunarekin
Maddi Agirre gasteiztarra saria jasotzen.Bertsolari Aldizkaria. Maddi Agirre Epelde gasteiztarrak irabazi du Gabiriako 54. Osinalde Saria. Bertso onenaren ere Agirrerentzat izan da. Bigarren postuan, Haira Aizpurua Ibargarai saratarra geratu da, iaz bezala. Epaimahaikideentzat bakarrik ez, entzuleen arabera ere, Agirre izan da onena Osinalden.
Finalean izan dira, aurreko biez gain, Iruri Altzerreka Martinez, Eki Mateorena Zozaia, Egiar Otegi Torres eta Janire Arrizabalaga Munduate. Hain zuzen ere, seiak, Ordiziako Argi Berri, Zaldibiako Osinberde eta Gabiriako Aztiri sarietatik sailkatutakoak.
Ane Etxezarreta gai jartzailearen esanetara jardun dira bertsolariak. Epaile lanetan, berriz, Eneko Araiztegi, Endika Igartzabal, Asier Iriondo, Alaitz Igartzabal eta Oihana Aranguren aritu dira.
Etxezarreta gai jartzailearen eta antolatzaile taldeko kidearen esanetan, bertso saio «oso txukuna» izan zen larunbatekoa. «Oso ale politak entzuteko aukera izan zen. Denetik kantatu zuten bertsolariek. Seiek ere saio txukuna egin zuten. Entzuleek ere gozatu zuten eta antolakuntzaren aldetik, gustura gelditu ginen entzun genituen bertsoekin eta orokorrean jendearengandik jaso genuen balorazio edo feedbackarekin».
Formatu berria
Ez ohiko garaian jokatu zen larunbatean Osinalde sariketako finala. Orain artekoetan, afal ondorenean aritu izan badira ere, aurten, bazkalondorenean jokatu da eta antolatzaileak gustura daude erantzunarekin. Bazkarian 116 lagun elkartu ziren eta saioa entzutera entzule gehiago sartu zen, arratsaldean. «Bertsolarientzat errazagoa bazkalondoren kantatzea, eta entzuleen aldetik ere ondo hartua izan zen. Erantzun ona izan zen».
Zenbaki sarituak
Errifako zenbaki sarituak ere jakinarazi dituzte: 656 (Aztiri jatetxeko otordua), 011 (Korta jatetxeko otordua), 771 (Ostatu jatetxeko otordua).













