Santikutz jaietako pilota partida profesionaletarako sarrerak, prezio berezian legazpiarrentzat
Udalak 50 sarrera jarriko ditu salgai legazpiarrentzat, sarrera orokorrak baino merkeago. Bihar erosi ahal izango dira, Bikuña kiroldegian, 11:00etatik aurrera.
Legazpiko Udalak prezio berezian jarriko ditu salgai aurtengo Santikutz jaietako pilota profesionaleko jaialdirako 50 sarrera, legazpiarrentzat. Aurten eskuz banakako txapelketako final laurdenetakoa izango da jaialdi horretako partida nagusia, maiatzaren 3koa.
Pilota jaialdirako sarrerak salgai daude entradasfronton.com plataforman 40 euroan. Udalak legazpiarrentzat 50 sarrera eskuratu ditu, jaietako partida izanik, herritarrei prezio murriztuagoan eskaintzeko. Sarrera berezi horien prezioa 35 eurokoa izango da.
Aurrez aurreko salmenta Bikuña kiroldegian egingo da bihar, asteartea, 11:00etatik 14:00etara, agortu arte. Pertsona bakoitzak gehienez lau sarrera erosi ahal izango ditu. Sarrerak agortzen badira, udala gehiago lortzen saiatuko da.













