'Agertxopirata' dokumentala ostegunean Legazpin
Ander Txakartegi bizkaitarrak leuzemia zuen Ager mutikoari eskainitako lana da, eta minbizia duten haurren aldeko Aspanovas elkartearentzako dirua biltzeko egin zuen erronka du abiapuntu. Kultur Etxean izango da emanaldia, 18:30ean.
Korosti Trail mendi lasterketen antolatzaileek Agertxo pirata ezagutzeko gonbita luzatzen die legazpiarrei, ostegunerako, maiatzak 28, udalaren laguntzarekin antolatu duten dokumental proiekzioaren bidez. Agertxopirata izenburuko dokumentala Kultur Etxeko areto nagusian eskainiko dute, lan horren atzean dagoen elkartasun mezua eta helburua zabaltzeko helburuarekin.
Agertxopirata dokumentalak Ander Txakartegi ‘Txaka’ berritxuarra 2015az geroztik kirola eta elkartasuna uztartuz jorratzen ari den egitasmoa eta Helmugak proiektu solidarioa ditu atzean. Lan horretan, 2020an abiatu zen istorio bat kontatzen du. Urte hartan, leuzemia zuen Ager mutil koskorrari laguntzea erabaki zuen Txakak, Helmugak proiektuaren bidez. Kirola, natura eta elkartasuna uztartuz, Euskal Herriko zazpi hiriburuak eta kostalde osoa lotu zituen Txakak, 600 kilometro bizikleta gainean eginez. Aspanovas minbizia duten haurren aldeko Bizkaiko elkartea laguntzeko dirua biltzea zuen helburu, et.
Ager mutikoa 2021ean hil zen, baina Txakak jarraitzen du bere elkartasun helburuarekin, eta herriz herri dabil dokumentala aurkezten. Berak dioen bezala, “Dirua ez da guztia. Norbaitek proiektua ezagutu eta laguntzea lortzen badut, nahiko da niretzat”.












