Araba aldera egingo du urteroko irteera Burdinola elkarteak
Bazkideei eta gainerako herritarrei irekita dago parte hartzea. Larunbata da izena emateko azken eguna. Txinpartak aldizkariaren ale berria ere kalean da.
Legazpiko Burdinola elkarteak prestatu du aurtengo irteera ere. Araba aldera joango dira ekainaren 13an, eta Estibalitzeko monasterioa, lautadako baselizak eta Agurain bisitatuko dituzte, egun osoko txangoan.
Larunbata da ekainaren 13a, eta 08:30ean elkartuko dira irteteko Patrizio Etxeberria kaleko autobus geltokian. Irteeran Arabako erromanikoan eta Erdi Aroan adituak diren gidariak izango dituzte lagun, eta gai horietan murgilduta egun osoa igaro ondoren, 20:00ak aldera itzuliko dira Legazpira
Irteera horretan, Euskal Herriko erromanikoko harribitxia den Estibalitzeko monasterioa bisitatuko dute lehenik, eta gero, Gazeo eta AlaitzaArabako lautadako eliza margotuak. Bazkaltzera Agurainera joango dira, eta amaitzeko, herriko Erdi Aroko aztarnak ezagutuko dituzte.
Txangoaren prezioa 60 eurokoa da, eta dena dago sartuta. Ordainketa eskudirutan egingo da autobusera igotzean. Elkarteko bazkideak ez ezik, gainerako herritarrak ere joan daitezke, eta horiek izena emateko azken eguna larunbata da, hilaren 30a. Horretarako, burdinolaelkartea@gmail.com helbidera idatzi behar da edo Kale Nagusiko Juan Kruz ile apaindegira joan.
Txinpartak, ale berria
Irteera hau Txinpartak aldizkariaren ale berria kaleratu eta egun gutxitara antolatu du Burdinolak. Aldizkariaren 52. alea da, eta bazkideek jasota izango dute dagoeneko, Gainerakoek, bertsio digitalean irakurri ahal izango dute laster.
Txinpartak berri honetan arteari egin diote lekua, eta besteak beste, Galizian bizi den Aitor Martinez Lopez de Arbina artista eta artisau legazpiarra elkarrizketatu dute, eta Migel Angel Alvarez mural margotzaileari buruzko erreportajea idatzi dute.
Parrokiako ikonografiari buruzko artikulua, Txantxangorriri agur idatzia, Legazpiko hegazti izenei buruzko lana eta Urtatzaola txiki errotari buruzko erreportajea dira aldizkarian jasotako beste lan batzuk.












