Legazpiko EH Bildu eta Berdeak-Independenteak bat eginda etxebizitzari buruzko mozio bat aurkezteko
Mozio bateratua biharko Osoko Bilkuran aurkeztuko dute, "etxebizitzaren funtzio soziala bermatzeko" eta udalerriko etxe hutsak merkatura ateratzeko neurri zehatzak eskatuz.
EH Bilduko Ibon Altzelai eta Legazpiko Berdeak-Independenteak taldeko Alberto Bezunartea Legazpiko Berdeak-Independenteak eta EH Bilduk bat egin dute udalerriko etxebizitza hutsak mobilizatzeko eta alokairu eskuragarria bermatzeko. Hori dela eta, mozio bateratua aurkeztuko dute bihar asteazkena egitekoa den udal osoko bilkuran, “etxebizitzaren funtzio soziala bermatzeko” eta udalerriko etxe hutsak merkatura ateratzeko neurri zehatzak eskatuz. Bi taldeek “ausardia eta konpromisoa” eskatzen diote mozioan EAJ-k eta PSE-k osatzen duten Gobernu taldeari, “gazteen, familien eta herrikide berrien emantzipazioa eta sustraitzea ahalbidetzeko”.
Bi alderdiak bateratzearen helburua “Legazpiko etxebizitza arazoari aurre egitea da, bereziki etxebizitza hutsen mobilizazioan eta alokairu eskuragarriaren sustapenean zentratuz”.
Bi taldeen arabera, etxebizitza duina lortzea Legazpiko “arazo sozial nagusienetako bat” bihurtu da. Eskaintza faltak eta prezioen igoerak gazteen emantzipazioa zailtzen dutela diote, “baina baita familia askoren eta gure herrira bizitzera etorri diren pertsonen sustraitzea ere”. Testuinguru honetan, bi taldeek eskatzen dute etxebizitza hutsak mobilizatzeko, “herritarrek bizi-proiektu bat garatzeko aukera izan dezaten”.
Neurri zehatzak eta epeak
Mozioak udal politiketan “norabide aldaketa bat” eskatzen du, “orain arteko pizgarriek ez baitute emaitza nahikorik eman”. Aldaketa hori gauzatzeko neurri zehatzak proposatzen dituzte, besteak beste, fiskalitatea aktibatzea, Etxebizitza Bulegoa sortzea, Udal Plan Estrategikoa osatzea, eta Etxebizitza Babestua sortzea.
Fiskalitatea aktibatzeko, etxebizitza hutsaren errolda eguneratzea eta, legeak baimentzen duen mugaraino, Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ/IBI) errekargua berrezartzea eta handitzea proposatzen dute. Era berean, Euskadiko Etxebizitza Legeak aurreikusten duen kanona ezartzeko bideragarritasuna aztertzea.
Etxebizitza Bulegoak, bestalde, jabeen eta maizterren arteko zubi-lanak egingo lituzke, Bizigune bezalako programak eta alokairu eskuragarria lehenetsiz.
Udal Plan Estrategikoari dagokionez, hiru hilabeteko epean Legazpirako Etxebizitza Plan bat osatzeko eskatzen dute, alderdi guztien eta herritarren parte hartzearekin. Plan honek Legazpi eremu tentsionatu izendatzeko aukera aztertu beharko du, alokairuen prezioak mugatu ahal izateko.
Etxebizitza babestuaz hitz egitean, hirigintza plangintzaren bidez etxebizitza mota horren eskaintza zabaltzeko konpromisoa eskatzen dute.
Gobernu taldeari deia
Legazpiko Berdeak-Independenteak eta EH Bilduk uste dute etxebizitza ez dela “ondare-ondasun soil bat”, gizarte kohesioa bermatzeko funtsezko elementua baizik. “Ezin dugu onartu pertsonak etxerik gabe egotea gure udalerrian etxe hutsak ditugun bitartean”, adierazi dute.
Hori dela eta, Gobernu taldeari dei egiten diote mozio honen alde bozka dezaten. “Bada garaia etxebizitza eskubide bat bihurtzeko eta ez soilik asmo onen zerrenda bat. Legazpiren etorkizuna, gure gazteena eta herritar berriena, jokoan dago”.












