David Martin eta Enara Agote Mantzaren oroimenezkoan irabazle
Ataungo Hiru Auzoetako 45. Korrikaldiak 91 parte-hartzaile izan ditu aurten, horietatik 21 ataundarrak.
Hiru Auzoetako 45. Korrikaldiaren irteera, San Martin auzoan.Aimar Maiz Ataungo hiru auzoak lotzea helburu duen korrikaldiaren 45. edizioa herenegun jokatu zen. Lasterketa azken hamaika urtean Mantzaren oroimenezkoa izenez ere ezagutzen da. Herriko hiru auzoak zeharkatzen ditu lasterketako ibilbideak, eta San Martinen hasi eta bukatzen da. Denera 17,3-km osatu zituzten korrikalariek.
Lasterketako azkarrena gizonezkoetan David Martin lazkaotarra izan zen, ibilbidea 58:19 denboran eginik. Emakumezkoetan, berriz, Enara Agote berrobiarrak zeharkatu zuen helmuga lehenengo, 1:14:21-ko denborarekin. Podiuma nesketan Luzia Urkiola gabirriarrak eta Amaia Intsausti idiazabaldarrak osatu zuten. Mutiletan Mikel Fernandez ezkiotarrak eta Mikel Auzmendi herritarrak.
Beste saritu batzuk
Lehen hiru sailkatuez gain sari gehiago ere banatu ziren. Lasterketan atera ziren lehen herritarrar neska eta mutila izan ziren horietako batzuk. Guztira 21 ataundar ibili ziren korrika euren auzoetan barrena, eta helmugara lehenengo iritsi zena Auzmendi izan zen gizonezkoetan, eta Aiora Erasukin emakumezkoetan.
Adibidez, beteranoen kategoria bat zegoen, gizonezkoetan 45 urtetik gorakoak sartzen zirenak eta emakumezkoetan 40 urtetik gorakoak. Lehen beteranoak, emakumezkoetan, Intsausti idiazabaldarra eta, gizonezkoetan, Fernandez ezkiotarra izan ziren.
Aurrez aipatutako bi mailak elkartzen dituen beste bat ere izaten da. Hori, lehen ataundar beteranoarena da, eta aurten Joxe Ramon Agirrek irabazi du.
ARGAZKIAK: Aimar Maiz













