Lehenengo astean 625 pertsona inguruk jaso dute gripearen aurkako txertoa Goierri-Urola Garaiko ESIan
Lehenengo astean 125 pertsona inguru izan dira egunero. Nahi duten herritarrek ostiralera arte izango dute aukera gripearen zein COVID-19aren aurkako txertoak hitzordurik gabe jasotzeko Beasaingo EAG-an.
Erizain bat herritar bati gaur txertoa jartzen, Beasaingo txertogunean.Laida Goiburu Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gripearen eta COVID-19aren aurkako txertaketak egiteko antolatutako txertoguneak martxan daude joan den astetik. Hiru lurraldeak kontuan hartuta, 18.500 pertsonak baino gehiagok jarri dute gripearen txertoa txertoguneetan lehen astean (urriaren 19tik 22ra bitartean), eta ia erdiek COVID-19aren aurkakoa. Goierri-Urola Garaiko ESIan, Beasaingo EAG Etengabeko Arreta Gunean kokatu dute txertogunea. Lehen astean 625 pertsona inguruk jaso dute gripearen aurkako txertoa Goierri-Urola Garaiko ESIan, txertogunean hitzordurik gabe nahiz Lehen Mailako Arretan hitzordua hartuta.
Gaur Beasaingo EAG-an eman dituzte kanpainaren inguruko xehetasunak. Xabier Mujika Goierri-Urola Garaiko ESIko txertaketa arduradunak azaldu duenez, aurreikuspenak gainditu dituzte lehen asteko datuekin: “Gure aurreikuspenak ziren ehun pertsona egunero, eta lehenengo astean 125 inguru etorri dira egunero”.

Erizaina txertaketa gunean txertaketetarako prestatzen.Laida Goiburu
Txertoguneak jartzearen arrazoi nagusia ordutegi zabalagoa eskaintzea izan da arduradunaren esanetan: “Gure ordutegia oztopo izan daiteke batzuentzat, eta horiei aukera ematea txertoa jartzeko”. Urriaren 30era bitartean egongo da martxan, 15:00etatik 20:00etara. Funtzionamendua erraza da: hitzordurik hartu gabe, txertoa jaso nahi duenak administrazio gunera joan behar du, izen-abizenak eman, itxaron gelara joan eta handik deituko dute segidan txertoa jartzeko.
Mujikak azaldu duenez, deialdia haurrentzat, gazteentzat edo lanean ari direnentzat izatea izan zen aurreikuspena, baina “gehiengoa, bi heren-edo”, 60 urtetik gorako pertsonak izan dira orain arte. Horietako asko dagoeneko txanda hartuta zutenak izan dira.

Xabier Mujika Goierri-Urola Garaia ESIko txertaketa arduraduna, azalpenak emateko agerraldian.Laida Goiburu
Sei hilabetetik gorako edozeini zuzenduta dago gripearen aurkako txertaketa kanpaina. Gripearen aurkako txertoaz gain, COVID-19aren aurkakoa dagokionari edo hala eskatzen duenari jartzen diote, “70 urtetik gorakoei edo 65 urtetik gorakoei hala eskatzen badute”.
Gaixotasun kutsakorretan “prebentzio neurririk eraginkorrena txertatzea” dela nabarmendu du Goierri-Urola Garaiko ESIko txertaketa arduradunak, eta argitu du gripearen txertoa jasotzeak ez dakarrela gripea ez izateko bermerik: “Gripearen txertoa jasotzeak ez dakar gripea pasako ez duzunik, baina txertoa jasotzeak hilkortasun tasa asko jaisten du eta sintoma larriak izateko arriskua ere asko jaisten du”.
Nahi duten herritarrek ostiralera arte izango dute aukera gripearen zein COVID-19aren aurkako txertoak hitzordurik gabe jasotzeko Beasaingo EAG-an.

Txertoa jarri berritan.Laida Goiburu












