Mugarri bat Larrunarrin
Urriaren 21ean 75 urte bete dira Jose Mari Peciña, Antxon Saenz Basagoitia eta Joxe Bernardo Arrate mendizaleek Txindokiko ertza lehen aldiz eskalatu zutenetik. Eskaladaren bilakaeran «igoera garrantzitsua» izan zela nabarmendu dute orduko eskalatzaileek.
Larrunarriko ertza, Amezti gainetik ateratako argazkian. Iñaki Gurrutxaga 1951. urteko urriaren 21a, gaur 75 urte. Hiru mendizale doaz Larraiztik gora, Txindokiko lehen bihurguneetan sigi-saga. Jose Mari Peciña, Antxon Saenz Basagoitia eta Joxe Bernardo Arrate dira, Tolosa Futbol Taldeko mendi sekzioko kideak hirurak. Aurrez hainbatetan igoak dira Txindokira, baina oraingoan mendiaren bi aurpegiak labana ahoak bezala ebakitzen dituen ertzera doaz. Larrunarriren beso zorrotzetik igotzea da haien asmoa. Eskalatzea. Oria iturrira iristear, artzain batek ohartarazi die: «Azkar ibiltzen al zarete! 15:00 alderako euria dator».
Hiruen buruan, kezka bera piztu da: hirugarrenean ere eguraldiak zapuztu behar ote digu asmoa? Izan ere, aurrez beste bitan saiatuak dira Txindoki bere gandor zorrotzetik igotzen. Bi urte lehenago ahalegindu ziren lehen aldiz, 1949ko azaroaren 7an. Peciñaren lagun batek irakatsi zizkien oinarrizko teknikak, Jaime Reñe kataluniarrak: nola segurtatu, kalamuzko soka, egur takoak eta iltzeak nola baliatu… Peciña, Reñe eta Saenz Basagoitia saiatu ziren lehen aldi hartan, baina, nahiko goian zeudela haizea ikaragarri zakartu, eta jaitsi beharrean izan ziren. Urtebete geroago, 1950ean, berriro saiatu ziren. Reñeren ordez, Joxe Bernardo Arrate batu zen sokaldira. Aurreko aldian baino gorago igo ziren bigarrenean, baina zazpi ordu eta erdiko ahaleginaren ondoren, ekaitza lehertu zitzaien, eta jaitsi beharrean izan ziren berriro.
Hirugarren saiakera balekoa izango delakoan, 09:30ean heldu dira ertzaren oinarrira. Sokara lotu, eta ekin diote eskaladari. Diedroetan eta arrakaletan egurrezko takoak eta iltzeak sartuz, nolabait lortzen dute elkar segurtatzea. Goraxeago iltze bat erori zaie, eta burdinaren tintin hotsak punpaka ohartarazi die zer gerta daitekeen eroriz gero. Eguerdi aldera, plaka polit batera heldu dira. Saenz Basagotiak, aurreko bi aldietan handik igarota, izen horrexekin bataiatu zuen eremu hori. Heldu dira «paretara», aurreko bi aldietan ibilbidea amaitu zuten horretara. Aldatuta dago, harri jausiak izan dira nonbait aurreko alditik. «Hala ere, baikor gara, aurreko bi txandetan baino hiru aldiz denbora gutxiago behar izan baitugu honaino iristeko, eta eguraldiak eutsiko diola ematen du. Ez genuke Txindokiko Damaren haserrea piztu nahi, haren jabetzak inbaditu ditugula eta», idatziko dute gerora.
Erreportaje osoa Berria.eus webgunean.












