Metalgintza arloko hirugarren greba eguna egiten ari dira gaur Gipuzkoan, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta. Gaurko antolatu dituzten mobilizazioen artean, Adegiko buruaren enpresan elkarretaratzea egin dute hogeita bost bat langilek, LABek deituta. Gainera, lau lagun kateatu egin dira Hine enpresako sarreran. Ertzainak etorri eta kateak ebaki dizkiete. Arazorik egon ez bada ere, tentsio uneak izan dira, ertzainak protestan ari ziren langileei atzera egiteko eskatu dienean. Hine enpresan bildu badira, haren jabea "negoziazio kolektiboan ardura gehien duen pertsonetako bat" delako izan dela azaldu du LABeko Joxe Mari Mujikak.
Metaleko hitzarmena defenda dezagun zioen pankartaren atzean ehunka lagun bildu dira gaur Ordizian, azoka egunarekin bat eginez egin duten manifestazioan. Metalgintzan aste honetarako deituriko bigarren greba eguna izan da gaurkoa. Zehazki, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta astelehenean egin zuten lehen greba eguna, gaur bigarrena eta etzi izango dute hirugarrena.