“Helburu hezitzaileak dituen aisialdia eskaintzen du Aisihezi elkarteak” 2010eko ekainean sortu zuten Nerea Manzisidor eta Alazne Elortza beasaindarrek Aisihezi aisialdi elkartea. 7 lagun ari dira lanean. Momentu honetan, Beasaingo Txelotxe eta Berritsu ludotekak, Eizu Gaztelekua eta Olaberriko Kometa ludoteka kudeatzen dituzte, baina Goierrira eta esparru berrietara ere zabaldu nahi dute beraien eskaintza. Adibidez, “Beasaingo abenduko liburu eta disko azokan zerbait egin nahi zen eta zer ekarri pentsatzen aritu ziren. Ez dago kanpotik ezer ere ekarri beharrik, guk geuk egin dezakegu. Gu prest gaude. Askotan ez da diru askorik behar gauzak egiteko, irudimenarekin gauza politak egin daitezke”. Zein helbururekin sortu da Aisihezi elkartea? Eremu ezberdinetan helburu hezitzaileak dituen aisialdia eskaintzea da gure helburua. Proiektu hezitzaile ezberdinak garatzeko sortu da Aisihezi. Lan ildo eta helburu ezberdinak ditugu. Haurren aisiarekin lotutako edozein zerbitzu ematen dugula. Goierrira zabaldu nahi dugu zerbitzu eskaintza. Festetako haurrentzako ekintzaren bat antolatu nahi bada, etor daitezela guregana. Zein zerbitzu eskaintzen duzue? Hiru zutabetan banatzen da gure zerbitzua. Batetik, zerbitzuen kudeaketa. Espazioetako diseinu proiektuak, proiektu zehatzak… Bestetik, jai dinamizazioa eskaintzen dugu, tailerrak, eskulanak, jolasak, jolas kooperatiboen inguruko tailerrak. Jolas dinamizazioaren barruan jolas erraldoi batzuk egin ditugu. Egurrezko jolasak dira eta herri ezberdinei eskaintzea da gure asmoa. Loinatz auzoko jaietan estrenatu [...]