
Zientziaren eta teknologiaren alorrean, telebistako saiorik beteranoenetako bat da Teknopolis. ETBk eta Elhuyar etxeak ekoizten duten saioak, 18 urte daramatza antenan. Pasa den astean ekin diote denboraldi berriari; hemeretzigarrena, dagoeneko.
Asmo eta ilusio berriz ekin diote gainera denboraldi horri, eta horretarako, Teknopolisen irudia berritu dute, bai telebista saioari dagokionean, eta baita webguneari dagokionean ere.
Nagore Rementeriak zuzentzen du saioa, eta azken denboraldietan bezala, Iñaki Leturia ormaiztegiarra izango da aurkezle lanak egingo dituena. Leturiak berak denboraldi berriaren aurkezpenean azaldu duenez, aurten «gai tematikoak» lantzeko asmoa dute, gai bakoitzaren «ertzak» erakutsiz. «Eta guztia irudi berrituarekin jantziko dugu».
Telebistako saioaren irudia berritu dute, kareta, musika eta estetika berriarekin. Baina saioaren irudia ez ezik,
webgunea ere berritu dute, eta gailu mugikorretara egokituta dagoela azaldu dute. Bertan ikus daitezke orain arteko saioak eta erreportajeak. ETBko lehen katean, larunbatetan (13:30) eta igandeetan (18:30) eskaintzen dute.