Zaldibiako gazteek Gazte Danbada jaialdirako girotzeko bideoa egin dute
Martxoaren 25etik 28ra ospatuko da Aitzina eta Ernai gazte erakundeek antolatutako Gazte Danbada jaialdia Laudion (Bizkaia). Oraindik aste batzuk falta badira ere, Zaldibiako gazteek girotzen hasteko egindako bideoa zabaldu dute Zaldibia.org webgunean. Bertan, aurreko urteetako Gazte Danbadako, Gazte Martxako zein Gazte Burutakzioko argazkiak bildu dituzte.
Bide batez, herriko gazteak ere animatu nahi dituzte, jaialdian parte har dezaten. Izena emateko zerrenda Joxepane tabernan jarri dute. 4 egunerako bonoek 35 euro balio dute, eta egunekoek 15 euro, aurrez erosita. Goierri mailan ere, hainbat autobus antolatzeko asmoa dutela azaldu dute.













