Adierazpen-askatasunaren eskubidearen urraketarik ez!
Ormaiztegiko Ernai, EH Bildu eta Ikama taldeek, festen harira izandako adierazpen-askatasunaren urraketak salatu dituzte.
Ormaiztegiko Udalak adierazpen-askatasunaren aurkako erabaki bat hartu duela salatzera gatoz gaurko honetan.
Herriko festak zirela eta zenbait aldarrikapen kalera atera eta herritarrekin partekatzeko asmoarekin, hainbat pankarta jarri dira herriko kaleetan. Udalbatzak pankarta horiek kentzeko erabakia hartu du, eta horrela kaleko mezuak zentsuratu. Gure ustez, udalak inkisidore papera hartu du, hainbat diktadorek egin izan duten bezala.
Pankartak zergatik kendu dituzten galdetu zaienean, erantzun zaigu udalbatzak aho batez erabaki duela herriko pankartak kentzea eta hala egiten jarraituko duela hemendik aurrera. Ez dugu kasualitatetzat jotzen erabaki hau herriko festak diren garaian hartzea.
Udalaren esanetan, festetan aldarrikapenak kalera ateratzeko dagoen ‘tradizioa’ tokiz kanpokoa da. Guk, aldiz, argi eta garbi adierazi nahi dugu herriko festetan pankartak ez ditugula jartzen ‘tradizioa’ direlako, baizik eta mezu eta aldarrikapenak jende gehiagorengana iristeko aukera dagoelako.
Udalak hartutako zentsura-erabaki hau ulertezina egiten zaigu eta argi utzi nahi dugu gure ustetan eskubide baten urraketaren aurrean gaudela; izan ere, pentsaera desberdinak adierazteko askatasunik gabe geratzen gara.