Arduragabekeria Aralarren
Aralar Natur Parkea kontrolik gabeko eremu bilakatu da. Adibide batzuk ematearren, edonor sar daiteke kotxez (langa irekita dago), 4×4-ak goi larreetan ikustea ohiko bilakatu da, baita motozaleak edozein bidexketan ere, abeltzain askok ordenantzen arabera igo ditzaketena baino abere gehiago igotzen dituzte, behor bat edukitzea nahikoa da Natur Parkean kotxez ibiltzeko baimena lortzeko, etab. Egoera jasanezin honen aurrean, uste dugu beharrezkoa dela kudeaketaren inguruko azalpen gutxi batzuk ematea.
Parke Naturaleko Larre eta txabolen ordenantzak bertako funtzionamendua zehazten du. Ordenantzako neurriak natur baliabideen (larrea, ura) eta azpiegituren erabilera iraunkorra bermatzeko egiten dira, beste hitz batzutan esanda, ingurumenarentzako, abeltzainentzako eta bisitarientzako mesedetan egiten dira. Ordenantzak beti ere Natur Baliabideen Antolaketarako Plan baten menpe daude, eta Gipuzkoako Aldundiarena da NBAP hori betetzen dela bermatzeko ardura. Non dago Gipuzkoako Mendietako zuzendaria? Eta nora begira daude lege-hausteak kontrolatu beharko lituzketen basozainak? Eta Ertzaintza?
Gainera, Ordenantza hauek, denonak diren larreak eta txabolak interesatuen artean ahalik eta hoberen banatzeko egiten dira. Honenbestez, zergatik ez dute abeltzainen ordezkariek (elkarteek, sindikatuek) egoera honek dakartzan bidegabekeriak salatu eta Ordenantza betetzea eskatzen? Eta bestetik, non dago Ordenantza onartu eta betearazi behar duen Mankomunitatea? Garbi dago arduragabekeri handia dagoela erakundeen ordezkarien artean, ez dira araudia betearazteko gai ere.
Aralarrera doazen mendizale, ikerlari edo abeltzainek muga batzuk daudela onartu behar dute, inor ez baitago legearen gainetik. Gainera, Europar Batasunak ezartzen dituen helburuak betearazteko, Aralarko abeltzainek dirulaguntzak jasotzen dituzte. Orotara urtean ia 1.500.000€ jasotzen dituzte. Batazbestekoa egingo bagenu, 15.000€-tik gora jasoko lituzke Aralarko onuradun bakoitzak urtero. Dirulaguntza hauek jasotzen dituen orok joko-arauak ezagutu eta onartu beharko lituzke, guztion mesederako. Datu hauek guztiak publikoak dira eta fega.es-en daude.
Aralarko gatazka konpontzeko lehen pausoa erreza da, Natur Baliabideen Antolaketarako Plana eta Ordenantza betearaztea. Tristea da erakundeei hau eskatzea, haien betebeharra denean.