Behaketa:Joxemartin Apalategi Begiristain, antropologoaren errainua
Jexux Aizpurua Barandiaran Goiz umela Ataunen: erreka-lainoa itxi-itxi eta Agauntza errekaren soinua lagun. Zelata aldean zapelaria hegan ehizean. Eguzkiari majo kostatu zaio zulatzea. Iragarrita bezalaxe, jendea hurbiltzen hasi da antzoki aldera, Joxemartini eskainitako ekitaldira. Eusko Ikaskuntzaren bultzadaz, hain zuzen. Tranpaleko mahai luzean Inmaculada Sanchez, Joan Antonio Rubio Ardanaz, Igor Aierbe alkatea, Teresa Del Valle eta Iñaki Olaizola. Bakoitzak bere arloan jardun du, omenduari buruzko aipamen bereziak eginez. Tartean bere maisu eta laguntzaile izandakoen aipuak ere egin dira: Joxemiel Barandiaran, Julio Caro Baroja, Joan Arin Dorronsoro, Joxe Arratibel, Joxe Mari Satrustegi, Fermin Leizaola… Etniker. Gehienbat eta laburbilduz, duela 4 urte Donostiako omenaldian egindako lanez osatutako liburuaren aurkezpena izan da. Hona egileen zerrenda: Joan Antonio Rubio Ardanaz, Jokin Apalategi Begiristain, Jaione Apalategi Begiristain, Denis Laborde, Inmaculada Sanchez Martin, Rosa Garcia-Orellan, Aitzpea Leizaola, Txemi Apaolaza, Jose Ignacio Homobono Martinez, Fermin Leizaola Calvo, Teresa del Valle Murga, Maria Amor Begiristain Gurpide, Joan Garmendia Larrañaga, Isusko Vivas Ziarrusta, Miren Egaña-Goya, Andoni Otamendi, Joan Manuel Etxebarria Ayesta eta Anton Erkoreka Barrena. Joxemartinen ikerlari-zedarriak behin eta berriz aipatu dira, baina oinarrizkoenetakoa, hau da, EUSKARA, ekitaldian oso urri erabili da, herren, ahul eta trakets Ataun sorterrian izanik eta Euskal Herriko Unibertsitatean euskara bultzatzeko berak egindako ahalegin nekagaitza kontuan [...]
Goiz umela Ataunen: erreka-lainoa itxi-itxi eta Agauntza errekaren soinua lagun. Zelata aldean zapelaria hegan ehizean. Eguzkiari majo kostatu zaio zulatzea.
Iragarrita bezalaxe, jendea hurbiltzen hasi da antzoki aldera, Joxemartini eskainitako ekitaldira. Eusko Ikaskuntzaren bultzadaz, hain zuzen.
Tranpaleko mahai luzean Inmaculada Sanchez, Joan Antonio Rubio Ardanaz, Igor Aierbe alkatea, Teresa Del Valle eta Iñaki Olaizola. Bakoitzak bere arloan jardun du, omenduari buruzko aipamen bereziak eginez. Tartean bere maisu eta laguntzaile izandakoen aipuak ere egin dira: Joxemiel Barandiaran, Julio Caro Baroja, Joan Arin Dorronsoro, Joxe Arratibel, Joxe Mari Satrustegi, Fermin Leizaola… Etniker.
Gehienbat eta laburbilduz, duela 4 urte Donostiako omenaldian egindako lanez osatutako liburuaren aurkezpena izan da. Hona egileen zerrenda: Joan Antonio Rubio Ardanaz, Jokin Apalategi Begiristain, Jaione Apalategi Begiristain, Denis Laborde, Inmaculada Sanchez Martin, Rosa Garcia-Orellan, Aitzpea Leizaola, Txemi Apaolaza, Jose Ignacio Homobono Martinez, Fermin Leizaola Calvo, Teresa del Valle Murga, Maria Amor Begiristain Gurpide, Joan Garmendia Larrañaga, Isusko Vivas Ziarrusta, Miren Egaña-Goya, Andoni Otamendi, Joan Manuel Etxebarria Ayesta eta Anton Erkoreka Barrena.
Joxemartinen ikerlari-zedarriak behin eta berriz aipatu dira, baina oinarrizkoenetakoa, hau da, EUSKARA, ekitaldian oso urri erabili da, herren, ahul eta trakets Ataun sorterrian izanik eta Euskal Herriko Unibertsitatean euskara bultzatzeko berak egindako ahalegin nekagaitza kontuan hartuz; lehendabizikoa izan baitzen Antropologia euskaraz irakasten; bere pentsakerak eta jardunbideak gehiexeago merezi zuen, alajainkoa!.
Eskerrak familiartekoei; hauek bai. Aise jakin dute bere senidearen mezuak bere jatorrizko mintzoan zabaltzen eta halaxe bideratu dute ekitaldia: Jokin, atzera eta aurrera, antolaketa-lanetan ibili da, Maite Idirin koinatak Agur Jaunak egokitua kantatu du eta Jaione arrebak, berriz, anaiari buruzkoak aipatu ondoren, familiak Joxemartinen liburu-ondare osoa Ataungo herriarentzat ematea erabaki duela jakinarazi du, aurreko udalarekin hasitako asmoari segida emanez. Horretarako leku egokia ere aipatu du: Barandiaran museoko Oilategia izeneko gunea, aurrerantza Joxemartin Apalategi Begiristain ikerlekua deituko zaiona.
Atsegin handiz jarraitu du jendeak ekitaldia eta ondoren solaserako hamaiketakoa ere bai. Guztira 50en bat pasatsu; erdiak baino gehiago kanpokoak eta gazte-jendea?
Joxemartinek eman zuen berea eta bere ikerlana hasi da estreinako emaitzak ematen. Herrian beti gogoratuko dugu, bati eta besteari kontu-galdezka eta zehatz-mehatz apuntatzen; ikusten zuenaz egiten zuen etnografia. Bestetik, Ataun unibertsitatera eraman zuen. Herrian jasotakoak noiznahi aipatzen baitzituen ikasgelan, oinezko antropologia egin behar zela azpimarratuz. Metodologia hori Joxemiel Barandiarangandik ikasita zuen, Wundt alemanari jarraiki. Guretzat ere irakaspen ederra, baldin eta ikerketan ekin nahi baldin badugu. “Antropologo-lana neure kultura aztertzetik abiatzen dut” zioen 1997an.
2006ko otsailaren 8an hil zen eta, harrezkero, ikertzaile berrien bila omen dabil Saratsamendiko lepotik hasi eta Artzateko mailoen ingurumarira bitarte, Olata, Sugarzulo, Iruzuloeta eta Leizegiko harrikadietan, goroldikoak edertutakoa nahiz ardagaiak behatutakoa jaso asmoz: “izingo ek launtzaik, bazetozek berrik eta… ie bitxurre seittuz, gaurko testigantzea or dijoakik, alkarren berri izingo diau…”.
Agur eta ohore Ezkaluneko Joxemartin!
Ataun (2011-12-10)