Debako heriotza eta Xabier Arruti diputatua
2025eko otsailaren 24an, Lurralde Oreka Berdearen Batzordeko bileraren testuinguruan Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian, eta ehizaren arloan Ehiza Federazioarekin eta ehiztariekin lortutako akordioari lotuta, “bere etxean zegoela buruan jotako bala batek hil zuen pertsona baten istripuari” buruz Xabier Arruti diputatuak egindako adierazpenak oso desegokiak direnik ezin ukatu.
Gertaera horri lotuta, 2024ko maiatzean ikerketa itxita zegoela jakinarazi zien hedabideei orduan Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailburu Josu Erkorekak. Orduko adierazpenetan esan zuenez, baimendutako uxaldi batean parte hartzen ari zen ehiztari batek bota zuen tiro hura.
2023ko abenduaren 17an gertatu zen “istripu” haren harira, eta uxaldietan segurtasun-neurriak nahikoak zirela justifikatzeko ahaleginean aipatutako agerraldian diputatuak esan zuenez, istripua ez zen gertatu aldundiak huts egin zuelako, uxaldia baimenduta ez zegoelako baizik. Honaino iritsita, honako galdera hau egin behar da:
Noiztik daki diputatuak uxaldia legez kanpokoa zela? Informazio horrek ez al ditu Erkorekak aipatutako eta Eibarko epaitegiak egindako ikerketaren ondorioak gezurtatzen?
Bestalde, tiroa legez kanpoko uxaldi baten barruan egin zela jakiteak kezka handia eragiten digu, agerian uzten baitu ehiza-jarduera kontrolatzeko neurriak ez direla nahikoak. Hainbesterainokoa da kontrol falta, legez kanpoko uxaldi bat egitera iritsi zirela, ez dakigun ehiztari kopuruarekin, erriflea eskuan eta kargatuta, kasu honetan, pertsona baten heriotza eragiteraino.
Arruti diputatuaren hitzetan, “Debako istripuak” aldundia, Ehiza Federazioa eta ehiztariak ehiza-jardueraren (ehiza larriaren) segurtasun-neurriei buruz elkarrekin hausnartzera behartu ditu, eta hausnarketa horren ondorioa da lortutako akordioa. Baina, hara non, gai horretan interesatuak diren gainerako eragileak baztertu dituen hausnarketa-prozesuaren ondorioz segurtasun-neurriak areagotzea espero zitekeen arren, sen onaren kontra, aldundiak ehiza lehen debekatuta zegoen hainbat segurtasun-eremuetan baimendu duen.
Gainera, aipatutako akordioan uxaldien kontrolaren eta zaintzaren erantzukizuna ehiztariengan utzi denez, eta legez baimendutako ehiztariek parte hartu duten legez kanpoko uxaldiak egin badira, egin beharreko galderak dira:
Nola utz daiteke ehiztarien esku uxaldietan segurtasun-neurriak betetzearen erantzukizuna eta ikuskapena?
Segurtasun neurriek ez badute bermatu legezko uxaldiak egitea, zergatik sinetsi behar dugu ehiztariek uxaldietarako adostutako neurri bereziak bermatuko dituztela?
Naturkon osatzen dugun kolektibook aldundiari helarazi diogu ehiza-jarduera segurtasunaren eta populazioaren kontrolaren ikuspegitik eta irizpide zientifiko-teknikoen baitan jorratzeko beharra eta interesa. Bueltan baina, ez dugu halakorik jaso eta horren erakusgarri da informazio txikiena jasotzeko lau hilabete pasa zain egon garen bitartean, aldundia Ehiza federazioarekin eta ehiztariekin akordio batera iritsi izana. Baldintza hauetan, zer zentzu du aldundiarekin hitz egiten jarraitzeak, hitzarmena itxita dagoenean eta gu baztertuak izan garenean?