Gizarte Zentroko taberna, balio handiko elkargunea
Gizarte Zentroko taberna ez da zerbait hartzera joateko gune bat bakarrik, elkargune bat da, bakardadeei aurre egiteko gune bat, Tipitapa saioari mahaiaren bueltan amaiera emateko gunea, karta jokoak… era berean, Gizarte Zentroko tabernaren ardura hartzen duenak Eguneko Zentroko erabiltzaileei bazkaria prestatu behar die.
Duela gutxi, Udalak zerbitzuaren esleipen berri bat egiteko prozesua jarri du abian, eta azpimarratu du zerbitzua kudeatzen duenak hilero ordaindu beharreko kanona 50 eurokoa izango dela. Hala ere, azalpen gutxi eman ditu zerbitzuari buruz eta zerbitzua eskaintzeko baldintzei buruz.
Uste dugu funtsezkoa dela oinarri batzuk sortzea, gune hori hartzen duten pertsonek soldata duina jasotzeko eta beren lanaren garrantzia islatuko duten baldintzak bermatzeko. Gizarte Gentroko erabiltzaileek arreta pertsonalizatua jaso behar dute, erabiltzaileak emozionalki zaindu behar dira eta beharra dutenei lagundu. Taberna gure komunitatearen ongizaterako tresna gisa ikusten dugu guk, eta hemendik aurrera ere horrela izaten jarraitzea espero dugu.
Bere ibilbidea amaitu berritan, lerro hauen bidez, Maite Ormazabali gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiogu, Gizarte Zentroko tabernan urte luzez egin duen lanagatik. Tabernan sortu duzun giro atsegina eta hurbila guztiok baloratzen dugu, eta horrek Gizarte Zentroko kideon egonaldia goxatzen du. Zure ahaleginari esker, gune horrek ez du soilik zerbitzu bat eskaini, elkartruke sozialerako eta aisialdirako espazio bat izan da.