Goierrira etortzeko gonbita Diputatu Nagusiari
Pasa den astean irakurri genituen bi berrik kezkatuta gauzkate. Lehenak, Aralar zeharkatzen duen AHTaren alternatiba indarra galtzen ari dela zioen, Gasteizkoa baino hiru aldiz garestiagoa delako eta ingurumen inpaktu handiagoa duelako. Hitzan irakurritako bigarren berriak, aldiz, Eider Mendozaren hitzak jasotzen ditu: “Gipuzkoako eta Euskadiko herritarrak urteak daramatzate azpiegitura hau martxan jartzeko zain. Nafarroarekiko lotura gure lurraldetik urrundu daitekeela jakitea albiste oso txarra da.”
Diputatu Nagusiak dio urteak daramatzagula azpiegitura martxan jartzeko zain; guk ordea, esango genuke hamarkadak daramatzagula azpiegitura honen kalteak sufritzen. Orain, gainera, gure herrien txanda iritsi da, eta ezinegonak hartu gaitu. Mendozari ez zaio axola eremu babestu bat alderik alde zeharkatzeak eta gure paisaia suntsitzeak, horrek bidaiarientzat minutu batzuk lehenago iristea suposatuko badu.
Estatuan zehar ugariak dira azpiegitura honen ondorioz lehortu diren akuiferoak (Pajareskoak kasu). Eta Ataunen, Idiazabalen eta Olaberrian Mendoza anderea, mendiko iturriak ezinbestekoak dira mendizale, abeltzain eta nekazarientzat. Ezin aipatu gabe utzi, gertuko hainbat ibarretan gertatu den moduan (Bergarako Angiozarko isurketa datorkigu burura), azpiegitura honek Agauntza errekan (Natura 2000 sarean) eta Oria ibaian sortu ditzaken itzulerarik gabeko kalteak.
Diputatu Nagusiari mendi buelta bat emateko gonbita luzatu nahiko genioke publikoki. Ataun, Idiazabal eta Olaberri artean suntsitu nahi dituen bailara, zelai eta erreka zoragarriak zeharkatzen ditugun bitartean, galdetu nahiko genioke ea goierritarroi zein onura eskaintzen digun soilik hiriburuak lotuko dituen AHTak. Bide batez, aspaldi bertan behera geratu beharko litzatekeen obra erraldoi hau behingoz geratzeko ere eskatuko genioke, dagoeneko kalterik handiena sortuta badago ere, gehiago sortuko baititu.