‘Herriko Txosnari’ erantzuna

Beasaingo jaietan txosnagunean bi poliziarekin izandako gatazkari loturik, ‘Herriko Txosnak’ adierazpen bat atera zuen joan den astean aldizkari honetan, adieraziz hartutako «erabakia ez zela aurrez hartutakoa» izan eta «halakorik berriro gerta ez dadin neurriak hartu» dituztela.
Batetik, adierazpen horiek irakurrita, edonork pentsatuko luke txosna batzordearen idatzia dela, euren buruari ‘herriko txosna’ izena jarri baitiote txosnetan parte hartzen duten zenbait eragilek. Nolanahi ere, izen horrek ez du errealitatea islatzen, txosna batzordean eragile gehiagok ere hartzen baitugu parte, urtez urte txosnen antolaketan lanean ari garenak.
Kasu honetan, Beasaingo Herriko Txosnak izena erabiliz errealitatea desitxuratu besterik ez dute egiten, beraien iritzia txosnagune osoarena izango balitz bezala zabalduz. Hau guztiz onartezina da, eremua partekatzen dugun gainerako antolakundeoi beraien ikuspegia inposatzen baitigute.
Herriko Txosna delakoa, beste eragile batzuekin batera, ezker abertzalearen bueltako antolakundeek osatzen dute eta, finean, gertatutakoaren inguruan EH Bilduk egin zituen adierazpenak berretsi besterik ez dituzte egin. Haien iritziz, militanteak jazarri, etxegabetzeak burutu edo borrokan dauden langileak kolpatzen dituztenek ere lekua izan behar omen dute gure jai esparruan.
Baina jendea ez da inozoa. Badakigu poliziak jabetza pribatuaren defentsan mugimendu politiko eta sozialak erreprimitzen dituela eta Beasaingo gazte askok ere jasan ditugu hauen kolpe, isun, mehatxu eta irainak. Nola izango dira ba ongi etorriak kolektibo hauek antolatutako eremuetan?
Guk argi dugu zein den poliziaren funtzio soziala, beste batzuek ahaztu egin nahi dutela dirudien arren. Hori dela eta, ezinezkoa da egunero jazartzen gaituzten horiekin behin eta berriz aipatzen duten «elkarbizitza baketsu» hori mantentzea eta argi izan dezatela txosna batzordeko eragile askok errealitate hau seinalatzen jarraituko dugula.













